#
#

Hausnarketak:

# # #

Jarri ezazu sutan lurra

#

# # #
#
#

JARRI EZAZU SUTAN LURRA




Gizateria Nazareteko Jesusen bizia, bere irakatsiak, eta maitetasunari, sinismenari, Jaungoikoaren errukiari eta lagun hurkoarenganako konpromisoari buruzko bere predikazinoa gehiago ezagutu beharrean aurkitzen da gaur be.

Maite zaituen eta itxaroten dozun Jaungoikoa, gure erdian…, gure bizitzaren erdigunean…, munduaren muinean…, “itsasoan barrena” gizartearen erraietan…, gizateriaren bizitza eta etorkizuna jokoan dagoan tokian egotea nahi dauen Jainkoa da. Harrera on bat emotea nahi badeutsazu: “gaurko eguna” betetasun osoan bizitzea…, “denboraren ezaugarriak” bereiztea… eta zuzentasunezko bideak zeharkatea eskatuko dizu…; itxaron iezaiozu zure ateak zabal-zabalik ipiniaz, gauza guztiak atsekaberik bagako begiekin begiratuaz eta samurtasunez beteriko bihotzagaz maitatuaz…; berba-emon ezazu orainean al dozun buru-argitasun handienagaz; bizi zaitez beti jarrera positibo batekin; eta lan eizu zuzenagoa eta anaikorragoa dan gizarte bat lortzeko.

Hurbildu zaitez, bere lanpostuetan ala edozein kale edo plazetan noraezean dabiltzan gizon-emakumeei… urreratu zaitez betirako bizia daben berben egarriz dagozan pertsonei… elkarbanatu ezazu beraiegaz zurea ez dan eta horregaitik isildu ezin dozun Mezua.

Zuk badakizu kristinau itxaropena ez dala baikortasun merke bat bilatzea, ezta be kontsolamentu inozo bat topetea, Jaungoikoarengan funtsezko konfiantza ipiniaz bizitzari aurre egiteko tankera bat baizik; giza itxaropen guztiak itzali egiten dirala dirudienean, sinisdunak “munduko lanetan eta sufrimenduetan, gozamenetan eta alaitasunetan, helburuetan eta burruketan Jaungoikoa etorri datorrela jakin badaki”. Gizarte honek erdiuneetatik urrutira joatea nahi daben zu bezalako gizon eta emakumeak behar ditu, galduta dabiltzanen bidera urten eta maitetasuna, justizia, askapena eta bakea hurbil dagozan errealidadeak dirala adierazteko.

Zure berbak zure biziaren testigantza baldin badira, hau da Beste norbaiten bizitzaren testigantza, inguratzen zaituenen konfiantza indartu egingo da. Baina ez ahaztu, zure bizi guztian zehar, Kristori esaten deutsazun “Bai” hori egunero berretsi beharko deutsazula; nahiko erraza da “Ez” esatea; aldiz, zein nekez egiten zaigun “Bai” esatea!; “Ezetz” behin esaten badozu nahiko da; “Baietza” goizero esan beharko dozu; ez da inoiz betirako “Bai” esaten.

Behin eta barriz , apaltasun osoz, pekataria zarala onartu beharko dozu. Bakarrik horrela etor daiteke Kristo zure eguneroko bizitzan bere laguntasuna eskeintzera. Berak ez deutsu inoiz beharten; Berak bakarrik gauza bat espero dau zugandik: zure arpegia bira egin eta “hemen nauzu…” [1], “...gerta bekit zuk esan bezala” [2].

Bera zure ondoan dago zuk ez ikusiarena egiten deutsazunean be. Hona hemen zure biziaren sentidua: zuregan eta besteengan Kristoren eguneroko presentziaz jaubetutzea, eta etenbako Berari jarraitzera egiten deutsun gonbidapena onartea.

Zure atzaparrean seme galduaren eraztuna, hau da jaietako eraztuna [3] ipinten deutsuna nor dan ohartzen zarenean… gauaren erdian “jarraitu niri...” [4] “… eta giza arrantzale egingo zaitut” [5] nork xuxurlatzen deutsun konturatzen zarenean… orduan hasten zara benetako bizia bizitzen. Eta egun baten, Berarengaitik eta gizon-emakumeengaitik, dana itxi eta Berari jarraitzeko gai zarala konturatzen zara.

Berak ez ditu aukeratzen jakintsuenak, azkarrenak edo indartsuenak diranak, edota hobeto berba egiten dabenak, ezta begikoak dirala ematen dabenak be… [6]; Berak “bihotzez txiroak” diranen laguntza bilatzen dau beti.

Kontuan izan: gizakiaren alde, hau da makurtuen, zapalduen, ahulen eta alde batera itxiak izan diranen alde burrukatzen baldin badozu, Jaungoiko beragaz burrukatzen dozu bere Erreinuaren alde. Zabaldu eizuz zure aukerak, deuseztatu itzazuz oztopo guztiak, edegi zure begiak eta konturatu zaitez munduan, biziaren alde burrukatzen, Erreinua ereiten eta besteak laguntzen dituen talde eta pertsona ugari dagozala; ohartu zaitez profetak, lekukoak, jarraitzaileak, lagunak, anai-arrebak… edonon daudela… eta asko dira paperik ez dituztenak, batzuk atzerritarrak dira, eta beste batzuk ez dabe zure fede berbera… Uko egiozu harrokeriari eta handiusteari, eta zabaldu ateak dohaintasunari.

Ezazu ahaztu: Jesus bake sakon baten mezularia dala, eta bake honen ondorio nabarmenenak justizian eta babesbakoen eskubideak errespetetean nabaritzen dirala; Berak emetzen dauen bakea maitetasunaren frutua da, personen arteko zatiketaren eta tratu txarren zergaitiak ezabatzen dituen alkarte baten emaitza. Zure sakoneko egiaren aurren ipini eta errotik aldatzera gonbidatzen zaituelako, Jesusek aldarrikatzen dauen mezuak, bere baitan, sua darama: Jainkoaren Erreinua gizarte honegaz lotuta dago, zapalkuntzaz eta zuzengabekeriaz osatutako bere egiturekin, aberastasun eta gabeziekin, bake eta gudekin, gose eta erosotasunagaz, bizia eta heriotzekin.

Egunen batean Beragaz topo egiten badozu, ez dozu ezeren ezeta inoren bildurrik izango: ez dozu bahitua izango zarelaren edo hil egingo deutsuen bildurrik izango, eta ez zera bizkartzainegaz kalera urtengo. Egunen batean Beragaz topo egiten badozu “daukazun guztia saldu eta harribitxia erosten badozu…” [7], “dena itxirik berari jarraitzen badiozu” [8], zure jomuga topau dozula esateko moduan izango zera. Eta behartsuei eta zapalduei emongo deutsezun laguntzan antzemango dozu zure bide aproposa.

Berba emon ezazu, beti eta neurririk barik, maitetasunaren alde: gizon eta emakumeen arteko bardintasunaren alde; ahularen, txikien eta kontuan harten ez diranen eskubideen alde; txiroen eta baztertuen, normalean intereseten ez jakunen, gure bidean kurutzatu nahi ez dogunen, “emankorrak” ez diranen, politikarako eta ekonomiarentzako balio ez dabenen alde…

Xamurtasunez maite deutsun Harek ez deutsu eskatzen bakarrik papur batzuek, zure bizitza osoa baizik. Berak hiru gauza eskatzen deutsu bakarrik: naz eta gitxi izan, Ebanjeliotik ulertu dozuna zure bizira eroan dezazula; Bere bizia gizakien artean aldarrikatu dezazula; eta “lurrean sua pitzdu dezazula” [9].

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] Irteera 3, 4.

[2] Lukas 1, 38.

[3] Cfr. Lukas 15, 22.

[4] Mateo 9, 9.

[5] Lukas 5, 10.

[6] Cfr. 1 Korintoarrei 1, 26-28.

[7] Mateo 13, 46.

[8] Lukas 5, 11.

[9]
- “Lurrean sua jartera etorri naz, eta nahiago neuke dagoaneko piztua balego!” (Lucas 12, 49).

- Jesus hil eta piztu zanetik mundua sutan mantentzen dauen suagaitik bizi gara: Jesusek berba egiten zuen bitartean Emauseko erromeslarien bihotzetan egoan sua. Berez, horrela dinoe Origenesek Jesusen ahoan ipinten dituen berbak: “Nigandik hurbil dagoana sutik gertu dago; nigandik urrun dagoana Erreinutik urrun dago”.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue