#
#

Hausnarketak:

# # #

Jainkoak gizakiaren bihotza arriskatzen dau

#

# # #
#
#

JAINKOAK GIZAKIAREN BIHOTZA ARRISKATZEN DAU



Munduaren sorreratik, gizon-emakumeen bihotzak egunsentiak argitzen dituenetik, Jaungoikoa gizaki bakoitxarengana hurbiltzen da eta, eskale arrunt bat izango balitz lez, atearen atalasean gelditzen da [1]. Muga gabeko gau honetan, Jaungoikoak gizakiaren bihotza arriskatzen dau.

Jaungoikoak ez dau bilatzen une egokiena zugana hurbiltzeko. Bera, une oro dabil deika zure atean eta etenbarik xuxurlatzen deutsu: “Gaur zure etxean gelditu behar dut” [2]. Ez, ez zara zu Beraren zain zegoena, Bera da zure bila dabilena; ez zara zu Beraren irrikan zegoena, nekatu barik Bera da zugana hurreratzen dana.

Hona hemen Jaungoikoaren maitetasunaren sekretua: Bera, lagun bat bezela iristen da, zure ondoan gelditu eta zure bihotzera berba egiteko behar dauen denpora hartzen dau [3]; zure bide egin luzean laguntzen deutsu, baita zuk kontuan harten ez deutsazunean be; zure mahaian eserten da eta afaria elkarbanatzen dau zugaz, baita zuk ahazten deutsazunean be; eta Berak itxaron egiten dau. Bai, Jaunak badaki itxaroten, eta urak harria pitzatuz bere bidea egiten dauen lez, Jaungoikoaren maitetasuna gure bihotzaren muineraino sarten da.

Zabaldu zure begiak eta ikusi ezazu: hona hemen, Jaungoikoa zugana dator:

* Berak zure deseo hoberenak lantzen dituzten zure arimako oihanetan itxaroten deutsu, naiz eta oihan horiek zure bidebakokerien eguzki sutsuak kiskali.

* Bera da zure onberatasuneko uharren erdian dagoana, baita zure zeurekoikeriaren izotzak izozten dituenean be.

* Bera zutik mantentzen da mugabako bakartadez estalitako zure soloetan, beti bezela zure malkoen ihintzaz bustiriko soloak.

* Naiz eta zuk aurka egin, Bera da zure bihotzeko basamortuak ernemintzen dituenak, Bere errukiaren euriak blai egiten baititue maitetasunaren egarri dagozan zure lur lehorrak.

Baina ez izan bildurrik; Bera, neurribako errespetuz, zugana hurbiltzen da zure bihotza suntsitzen dauen pisua eroaten laguntzeko asmoz [4]; zure pausu ahulak bakearen bidetik gidatzera [5] eta zure bizia gorespenezko kantu baten bihurtzera dator Bera.

Itxiko al dinozu Jaungoikoari zure izaera moldatzen? Onartuko al dozu bere maitetasunez gidaua zarela? Berak zugan jarten dauen konfiantzarik barik, zuri Berak Berarengan jarteko eskatzen deutsun konfiantzarik barik, nola jarraituko zenduan aurrera? Emaiozu zure konfiantza eta zoriontsu izango zera [6]; Berak egiaren bidezidorra erakutsiko deutsu eta zuk bizitzara daraman bidean aurrera egin al izango dozu [7] zure ahultasunak kontuan hartu barik, Berak obsesino larrietatik konfiantza lasaira eroango bai deutsu [8].

Gaueko ilunaldiak nahasten badeutsu: itxi zaitez argiztatzen! Zure bihotzaren isiltasunean, berbak be mututzen diran gune horretan, Bere presentzia apalagaz betikotasunaren isilaldia beteten dauen Jaungoikoagaz aurrez aurre topauko zera. Zure bakardade eta porrota baino haratago ez al dozu ikusten Bere argi distiratsuak zugan dirdira egiten dauela jada? [9]

Noizbait zure barru hondoko gune sakonenean Jainkoaren aurrean soilik asebete daiteken egarri hori sentitzen badozu, ausartu zaitez, alaitasunez, iturrietara joaten:

* Entzun bizitzarako Berak dituen berbak, zure gelako bakartadean, bide eginez ibilten zoazenean, beste bi edo hirurekin zagozanean, edo alkartean batzarten zaranean, eta betikotasunaren baretasuna topauko dozu.

* Berba egiozu apaltasunez, zabaldu egiozu zure bihotza, eta ikusiko dozu nola mina eta etsipena bera be kantu eta opari bihurten diran [10].

Arriskuan ipiniko al zeunke zure bizia maitatzeagatik? Jainkoak dauen erruki neurribakoaren misterioari aurre eginez, izango zinateke biziaren lekuko? Beraz, ez inoiz ahaztu Beraren deiari erantzutea, harriekin egindako etxeak atzean itxita Kristorenganako eta zure anai-arrebak diran gizon-emakumeenganako maitetasuna igorten dauen bihotz batetan bizitzea dala [11]; eta Jainkoak zuk daukazun zuzentasunezko gosea eta egarria asebeteko dauela ganezka egiten dauen betetasunagaz itxarotea. Eta zure sakonunetik ur-biziko ibaiak sortuko dira [12] .

Ez zaitez gelditu, eskuak kurutzatuta, zerura begira. Nora eroango deutsun jakin barik, Berari jarraitzearen arriskua hartzea… garai guztietako Apostolu eta Martirien ostean bide egitea… gizon eta emakumeen bizitzaren bihotzera Kristoren argia eroaten dauen zerbitzari xumea izetera deitua izan zarala onartea da, Jainkoaren mezularia beraien nahigabe eta poz guztien erdian.

Ez izan bildurrik amaieraraino joateko; egunsentiaren argia inoiz itzaltzen ez dan bide honetan aurrera egiteak, ez dezala zure bihotza ikaratu… eta Bere bakearen eta adiskidetzearen harritutako lekukoa izetera helduko zara.

Bilatu ezazu iluntasunean distira egiten dauen argia, itxaron ezazu pazientziaz egunsentiaren argiak gaueko itzalak argitu arte, eta bizipozak eztanda egin dezala goizeko izarra zure bihotzean sorten denean.

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] "Hara, atean Nozu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badau eta atea edegi, harenean sartuko naz, eta elkarregaz afalduko dogu" (Apokalipsia 3, 20).

[2] (Lukas 19, 5).

[3] "Nik neuk liluratuko dot, basamortura eroan, eta bihotzera mintzatuko natxako" (Oseas 2, 16).

[4] "Honela mintzo jatzu Jauna, sortu eta eratu zaituena. ‘Ez izan bildur, askatu egin baitzaitut eta zeure izenez deitu; nirea zara zu... Neu bainaz Jauna, zure Jainkoa... zure salbatzailea... preziadua baitzara niretzat: bizikiro estimeten eta maite zaitudalako... Ez izan bildur, zuregaz bainago." (Isaias 43, 1-5).

[5] (Lukas 1, 79).

[6] "Irakaspenari jaramon egiten deutsanak izango dau arrakastarik. Zorionekoa Jaunarengan usteona dauena!" (Esaera Zaharrak 16, 20).

[7] “Bizirako bidea erakutsiko deustazu; alaitasun betea zure aurrean, betiko zoriona zure ondoan” (Salmoa 16, 11).

[8]
- “Izan konfiantza Jaunarengan eta egin on dana, zeure herrialdean bizi eta bertako aberastasunaz gozeteko. Izan dedila Jauna zure atsegina, eta berak emongo deutsu bihotzak eskatzen deutsuna” (Salmoa 37, 3-4).

- “Bedeinkatua konfiantza niregan dauena, Jaunak ez baitau inolaz be konfiantza hori zapuztuko” (Jeremias 17, 7).

[9] “Jagi, eizu distira, badator-eta zure argia; Jaunaren aintza zure gain agiri da! Ikus, ilunpetan dago lurra, gau baltzean herriak; zure gain, ordea, Jauna agiri da, haren aintza zure gain nabari” (Isaias 60, 1-2).

[10] “Malkoetan erein zebenek pozetan dabe biltzen” (Salmoa 126, 5).
“Jauna dot indar eta babes, berari dinot abesten, bera gertatu baita nire salbamen” (Salmoa 118, 14).

[11] “Bihotz barria emongo deutsuet eta izpiritu barria ezarriko zuengan; harrizko bihotzak kenduko deutsuet eta haragizkoa emongo” (Ezekiel 11, 19).

[12] “Nik emongo deutsadan ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko jako barruan” (Joan 4, 14).

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue