#
#

Otoitzerako metodoak:

# # #

Bidez-bide: martxan aurrera

#

# # #
#
#

Hauxe da gure planteamenduaren norabidea: zalaparta askorik gabe; teologiazko eta espiritualtasunezko maisuen irakatsi handirik gabe. Hori gure gainetik dago; egia esan, ez dugu nahi inor nahasterik, eskaini, erraztu, adierazi, lagundu, konpartitu bakarrik... Eta, hau guzti hau… “BIDEZ BIDE” goazela. Hauxe besterik ez, hauxe bakarrik.

Dugun USTE OSOAN oinarrituta hasten gara. IPUIN baten bidez egiten dugu:

TXIMELETA eta ARGIA



Halako gau batean, tximeleta guztiak bildu ziren. Hauxe zen beraien jakinmina: nola ezagutu hurbiletik sua. Elkarren artean jardun zuten:
- «Norbait behar dugu suaren berri emateko».

Haietarik bat gaztelu batera joan zen. Eta kanpoaldetik, han urrutian, kandela bat ikusi zuen. Lagunartera itzulitakoan, berak ikusi zuenaren berri ematen ari zen, berak ulertu zuenaren arabera. Baina guztien buru zegoen tximeleta nagusia ez zen konforme gelditu:
- «Ez dakizu suari buruz tutik ere», -gaineratu zuen.

Beste tximeleta bat joan zen gauzak aztertzera. Hau gazteluan bertan sartu zen eta sutara hurbildu zen, baina garretik urruti. Honek ere sekretu batzuen berri eman zuen, suaren kontura pozez gainezka. Baina tximeleta jakintsuaren erantzuna:
- «Adiskide, hau ere ez da, ba, argibide nahikoa. Zure kontakizunak ez digute aurrekoak baino ezertxo ere argiagotzen».

Ondoren hirugarren bat ere joan zen. Egitekoaren zoramenez gainezka, sugarraren gainean ezarri zen. Bere hankatxoak luzatu eta maitekiro besarkatu zuen, bertan irribarrez deseginez. Sugarretan bilduta, bere gorputz atalak gori-gorian jarri ziren.
Tximeleta maistrak sugarrarekin bat eginda ikusi zuenean, argi biziz bat eginda, badio:
- «Honexek bakarrik iritsi du helburua. Orduan, beronek bakarrik daki zer den sugarra».



• Ipuin honek sortu dit eraginik? Ondoren bat jasotzeko gai ahal naiz?

EZ DAGO OTOITZERAKO BIDERIK.
OTOITZA BERA DA BIDEA.



• Ba duzu zer esanik goragoko esaldi horiei eta bere proposamenei buruz? Nahi duzu besteekin konpartitzea?



I.- “NONBAITERAKO” bidea seinalatzen duten hasierako zertzelada batzuek



1. Hauxe besterik ez dira: “bidean jartzeko” lagungarri izango zaizkigun “pintzelada” batzuek; baina oinarrizko ideia argiak jarriz, inolako lotsarik gabe, aurrez begiratuz eta adorez.

• “Otoitza BIDE bat da”.
• “Otoitza ABENTURA eder bat da”.
• “Otoitza MISTERIO zoragarri bat da”.
• “Eta hau beren izatea benetan hartzen duten KRISTAU GUZTIENTZAT”.
• “Otoitz egitea Jaungoikoagana HURBILTZEA DA, Berarekin MAITEZKO ELKARRIZKETA bat sortuz”.
• “Otoitz egitea MAITATZEA, BARRE EGITEA, NEGAR EGITEA, AMETS EGITEA DA...; baina, baita ere, KONPROMETITZEA, FIATZEA, ITXAROTEA...”.


2.- Baieztapen hauek “zer” bati begira daude, OSO ESANGURATSUA den zerbaiti, baina horrek ez du esan nahi ERRAZA denik. Horregatik, hasieratik esan dezagun (ziurtasun handiz esanda gainera):

• Otoitz egitea ez da lasaitasun ordu bat hartzea, nire gauzak, arazoak, maite ditudan lagunak gogoan erabiliz.
• “Depre” gaitzaren aurkako errezeta bat ere ez da, ez da trankil lo egiten laguntzeko “pastilla” bat ere.
• Otoitz egitea ez da “herentziatik” tokatzen zaigun zatia eskatzea, bere seme-alaba naizela-eta; ez da Jaunarekin “trukean” jokatzea: “azterketak ongi ateratzen laguntzen badidazu, nik hau emango...”.
• Otoitz egitea ez da nik ongi edo gaizki egiten ditudanak ontzat hartzeko, edota inguruan gertatzen zaizkidanagatik errurik ez hartzeko.
• Otoitz egitea ez da...


3. “ALDERDI ONETIK” begiratuta jar dezagun goian esan duguna; horrela, seguru asko, hobeki sentituko gara, eta hori garrantzitsua da. Izan ere, gure burua kolpekatuta ez dugu ezer onik ateratzen, ezinean hondatu baino ez. Ez; “beste gauza” batera GONBIDATUAK gara.

Horregatik, “guretzat” hartzen ditugu hemen biltzen ditugun baieztapen eta ziurtasun batzuek. Hala eta guztiz ere, ezin dute argitu eta osatu hemen esan nahi dugun guztia, nahita LAGUNGARRI izan:

• Otoitz egitea Jaungoikoarekin TOPO EGITEA nahi izatea da, horrela hurkoarekin arduratuz bizitzeko.
• Otoitz egitea gezur-ametsetatik ihes egitea da, baina Jaungoikoaren ERREINUKO UTOPIA bizitzeko.
• Otoitz egitea BARRUAN onena nahi izatea eta bilatzea da, ondoren kanpora atera eta lagunartean konpartitzeko.
• “Otoitz egiteak, bada, ZER IKUSIRIK ASKO dauka Jaungoikoarekin, eta besteen alde JOKATZEAN gauzatzen da” (Jaungoikoa bera ari den bezala).


4. Berriren berri azpimarratzen dugu: “gauzatxo batzuek” seinalatu baino ez dugu egiten, baina uste baino garrantzi handiagoa dute, “bidean” jartzen gaituenaz batera, aurrera egin nahi badugu ITZELEZKO ABENTURA ZORAGARRI honetan. Hori dela eta, ezin dugu ahaztu... ondorengo baieztapen hauek beti AURRERA bultzatzen baikaituzte:

• Otoitza DOHAIA eta GRAZIA bat da, Jainkoak ematen diguna eta eten gabe eskatu behar dioguna.
• Horrexegatik, hain da garrantzitsua JARRERA PERTSONALA, bai barrukoa, bai azalekoa.
• Beraz, beharrezko da gure burua prestatzea Jaungoikoarekiko TOPAKETA honetarako.
• Horretarako, beharrezko da jardutea dena norberagan balego bezala, baina, era berean, dena Jaungoikoagandik datorrela jakinda.


5. Zertzelada labur hauek burutzean (baina beti gogoan eduki beharrekoak), elkar BEROTU beharra dugu, pixkana mundu honetan jakinaren gainean sartzen joan gaitezen otoitzaren ZORAGARRIZKO ABENTURA honetan. Hasiera bertatik ausartzen gara esatera: ez gara sekula damutuko bide honetan sartu izana.



II.- ERABAKI PERTSONAL honen aurrean, gogoan hartu beharreko gauzak



Orain arteko zehaztasun txiki, baina esanguratsuen ondoren, HIRU GAUZA gogoan hartu behar ditugu, asko lagunduko digute eta oinarrizkoak dira hasi nahi dugun bide honetarako, eta POZEZ BETEKO gaituen pausuak eman, abentura zoragarria dela aurkitu dugulako:

• Gorputz jarrera
• Lasaitzea
• Konzentratzea


A) GORPUTZ-JARRERA

• Ikusten duzuenez, gorputz-jarrera garrantzitsua da otoitza egitera goazenean. Huskeria bat dirudiena, ez da.

• Hau ere begibistako egia da: pertsona bakoitzak bilatu behar duela egokien datorkion bere gorputz-jarrera Jaungoikoarekiko topaketa bidean.

• Eta hau ere gogoan hartu beharrekoa da: otoitzerakoan keinuak erabiltzea oso garrantzitsua dela; esan ohi denez, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du.

EGOKIENA den JARRERA, bai gorputzezkoa, bai psikologikoa, honako hauxe duzu:

• Eseri zaitez oinazpiekin zorua ongi ukitzen duzula, oinekin angelu zuzena osatuz.
• Eserlekuko bizkarraldea zuzena izan dadila, horrela gorputz enborra, burua eta lepoa zuzen egongo dira; inoiz ere ez zurrun, gogor.
• Eskuak, belaun gainetan utzita, eskuzabalak gora begira, edota eskuineko eskuak ezkerrekoa gainean daukala, hatz lodi biak elkarri diotela, magal gainean.
• Begiak itxita edota puntu jakin batean begirada finkoa, mugitu gabe.

Jarrera bata zein bestea hartu, hauxe da beharrezkoena: hartzen duzun jarrerak lagundu dezazula otoitzak irauten duen artean, jarrera aldatu beharrik izan gabe, edota ahal denik gutxien aldatuz.

Ez ahaztu hau: gorputz-jarrerak LASAITZEN LAGUNDU behar dizula, horregatik ez ditugu onartzen jarrera estu eta tenkatuak.


B) LASAIKETA

Hain da erraza eta hain zaila BARRUKO BAKEZ itxaroten egotea bezala. Atal honetan, beharrezkoena Jaungoikoa aurrez aurre edukitzea da; ez da Jaungoikoa sortzea, Jaungoikoa beti dago presente. Honetaz jabetzea da.

• Hasteko, tentsio muskularrak lasaitzen joan behar dugu, Jaungoikoarekiko topaketan oso kaltegarri dira. Nerbio-tentsioa otoitzerako eragozpenik handienetarikoa da otoitzaren hasieran.

• Hau guztia “teorikoa” edo neketsua irudituko zaizu. Eragozpen handirik gabe iristen dela ziurtatzera ausartzen gara, eta otoizlariari asko laguntzen diola. Horregatik, ez egizu huskeriatzat hartu, arren, hain garrantzitsua baita.


C) KONZENTRATZEA

Hor goian esan duguna praktikan jartzea da, baina jarrera bat edo beste erabiliz, edota arnasketan...

• Bide honetatik jota, pixkana pixkana sentituko zara gogoz argi eta zabalik, Jaunaren presentzian, eta hor sortuko da elkarrizketa.



III.- ERAGOZPENAK OTOITZEAN



Otoitzaren “atarian” gogoan hartu behar dugun beste alderdi bat hauxe da: bertatik sortu daitezken ERAGOZPENAK, edota bidean agertzen diren traba kaltegarriak. Alderdi hau gogoratzea ez da “trankil ipintzeko”, edota inori atzera eragiteko. Kontrara, hau gertatu daitekeela jakinaren gainean jarri (gertatu ere gertatu baitaitezke eta), eta ez gaitzala bidean geldiarazi ABENTURA ZORAGARRI eta EDER honetan. Honetaz jabetuta egoteak, arrisku horri aurka egiteko prest ipiniko gaitu.

Konturatu gaitezela arrisku eta egoera hauetaz, eta seguru asko bidean aurrera egingo dugu.

1. “OTOITZA” bera ZER DEN jakitearen eragozpenak

Hitza bera “sarri darabilgu”, baina, jakin, ez dakigu zertaz ari garan; edota ez dugu behar den beste baloratzen, otoitz giroko gozotasunaren esperientziarik ez dugulako. Egia esan, hau benetako eragozpena da eta asko daramatza “gogoa galtzeraino”.

• Bada bide bat eragozpen horri adorez aurka egiteko: GOGO BEROZ jokatu otoitzaren “esparru” honetako aukerak aprobetxatzeko; eta, batez ere, zer den jakiteko egarriz otoitza EGINEZ eta EKINEZ.

• Horrexegatik, otoizkera ezberdinak eta askotakoak eskainiko ditugu, bakoitzak une eta giro bakoitzean egokiena aurkitu eta erabili dagian. Otoitz bide hauek eskaintzen joango gara, ezagun-ezagunak dira, hainbeste gizon-emakumeei “BIDEAn” lagundu dietenak gizaldietan zehar (nahita beste izen batzuek erabili).


2. DENBORAREN eragozpena

Gaurko gizarte giroan dena neurtzen da denboraz, orduak jan egiten digute eguna, eta baliteke gure agenda hain beterik edukitzea, Jaungoikoarentzat lekurik ez edukitzeraino. Ekinaren ekinez ibiltzeak poztu egiten gaitu noski, sarri gogo onez, baina beste askotan ihesbide batzuek ditugu geure arazoetatik edota geure buruarengandik ospa egiteko. Ihes egin eta ontzat hartu, gure eskuarteko lanak apostoliko kutsurik izan ezkero. “Ez daukat astirik”, baliteke esaldi hau ezaguna eta etxekoa izatea.

• Hau errez gertatzen da otoitza GURE BZITZAREN PARTE bezala hartzen ez dugunean, ezta gure agendan ere. Eta esperientzia hau bai dela egia, zoritxarrez, eta OHIZKOA fededun askoren bizitzan, guregan ere bai.

Irtenbiderik bai? Argi dago: beharrezko dela eguna behar den bezala ANTOLATZEA, otoitzak bere lekua daukalarik. Horrela ez bada, hau guztia “nahiera on bat” besterik ez da izango.


3. TESTUINGURUAREN eta INGURUGIROAREN eragozpena

Sarri askotan ez gara geu utzitasunaren errudun, otoitzaren kaltezko egoera hau sortzen duen ingurugiroa baino. Entretenimenduak, etengabeko jardunaldiak, telebista, kontsumoa, nire gauzak, nire arazoak, eta denen artean katramilatzen gaituzte, gure barru-giroa nahastuz eta gure bizitzaren jabe eginez.

• Hemen kontuan hartu beharko genituzke beste zertxo batzuek ere: otoitz egiteko ordu eta leku egokia, bitartekoak, edukia. Eta gogoan hartu otoitz bidean pixkana eta astiro egiten dela bidea. Eskatu laguntza behar baduzu.


4. NI NEU NAIZ eragozpen

• Badugu beste arrisku bat ere: otoitz egiten dugula uste izan eta geure zilborrari begira egotea. Jainko faltsu batekin ere bat egin daiteke, azken batean, nire buruari neronek jardutea.

Eragozpen honi aurre egiteko, hona BI IRIZPIDE. Lehenengoa, METODO BATEKIN LEIALA IZAN, hau elementu garrantzitsua eta baliozkoa da. Eta bigarrena, hau ere interesgarria: noizean behin OTOITZ TALDEREN BATEAN PARTE HARTU; hortxe jaso genezake argia eta laguntza gure bidea nola doan jakiteko. Eta, jakina, aukera denean, ORIENTABIDE PERTSONALA bilatu, bidean aurrera egiteko.


5. KONPROMISOAREN eragozpena

Beldur ematen digu otoitzetik sortu litzaikegun konpromisoak; Jaungoikoaren eskakizunak atzera eragiten digute, norberak benetan maite duanean. Sarri Aita deitu arren, ez gara Berarekin fidatzen.

Baliteke hauxe izatea eragozpenik handiena. Hau menperatu ezkero, apaltasunez, zintzotasunez eta itxaropenez jokatuz, gainerako eragozpen guztiak joango dira hankaz gora astiro eta berez.


6. Orain arteko gogoeta osoaren ONDOREN batzuek…

Hartu zure denboraren zatitxo bat OTOITZERAKO.
Ez zaitez lanaren lanez bete, egunero zapalduta ibiltzeraino.
Ikas ezazu zure bizitza bizitzen Jaungoikoaren opari-dohain bezala.
Ez iezaiozu Jaungoikoari beldurrik izan.
Ikas ezazu entzuten jakiteko teknika: zoaz astiro astiro Jaunak zer eskatzen edo zuregandik zer itxaroten duen ikusten.
Ez egizu gogoa galdu ezer berririk sentitzen ez baduzu, edota otoitz bidean ez duzula aurrera egiten ikusten baduzu. Historian izan diren otoizlari handiak ere otoitzean krisialdiak eta geldialdiak izan zituen: Santa Teresa, San Inazio...
Hurbildu zaitez otoitzera Jaungoikoarekin topo egiteko gogoz, bestelako helbururik jarri gabe.
Bide honetan esperientziadun pertsonaren bati eska iezaiozu laguntza, gai garrantzitsu honetan gida zaitzan.




IV.- OTOITZ BIDEAK



Hainbat eratakoak izan daitezke kristauak Jaungoikoarekin elkarrizketa izateko otoitz bideak. Ondoren, hor duzu haien zerrenda bat. Astiro joango gara ezagutzen, sakontzen eta horretariko batzuek guretzat hartzen ahaleginduz:

• Meditazioa
• Kontenplazioa
• Ahozkoa
• Liturgikoa
• Benediktarra
• Apostolikoa
• Azterketa
• Irudiz, keinuz, seinalez
• Eskarizkoa
• Eskerronezkoa
• Bitartekotza
• Bost zentzumenezkoa
• Gorespenezkoa
• Irakurgai espirituala
• Bizitza espiritualki aztertzea
• Salmo otoitza
• Karismatikoa


Zerrenda luzeagotu genezake, izan ere, zalantzarik gabe, Jaunarekin elkartzen garan bakoitzean, otoitzean gaude. Garrantzitsua hauxe da: Jaungoikoagana hurbiltzean BIHOTZEKO XALOTASUNA eta APALTASUNA, Berarekin harremanean sartzeko. Kontua ez da hitz potoloak esatea; bestela baizik, otoitzik ederrena bihotzaren erditik ateratzen dena baita.

Eta besterik gabe, berehala hasi gaitezen OTOITZ-EREDU batzuek EZAGUTZEN eta PRAKTIKATZEN. Beharrezko da bakoitzak (luzarora) berari egokien datorkiona -bat edo gehiago- aukeratzea, bizitzako giro bakoitzak eskatzen digunez.

Baina benetan eskatzen dizugu, gogoan izan ditzazula KONPARTITU ditugun lehenengo gogoeta hauek. Lagungarri izango zaizkizu!



V.- TORI OTOITZ EDER BAT KATEKESIA HAU BUKATZEKO




ZUREKIN BAKARRIK

Nire pausoak gelditu nahi ditut
eta nire bizitzako erritmo arina baretu,
lasaitasunez,
Zuk emandako guztia kontenplatzeko.

Une baten isilik egon nahi dut
eta nire ideien eta sentimenduen harrabotsa isildu,
nire zentzumen guztiekin
zure aurrean adi-adi egoteko.

Nire ondoan eraikitzen diren
arresi guztiak apurtu nahi ditut,
edozein ordutan
askatasunez nigan sartzen uzteko.

Nire etxea hustu nahi dut
eta aldean geratu zaidana erantzi,
duintasunez
Zuri tokia eskaintzeko.

Zurekin bakarrik egon nahi dut
eta zure Espirituaz bete eta maitatu,
poztasunez
gauza guztien bila joateko.

Bakea, bizia eta zentzua ematen didan
zure arnasa sentitu nahi dut,
baikortasunez
momentu hau zurekin bizitzeko.



OTOITZ hau PowerPointeko Aurkezpen bat bezala topatu dezakezu link honetan:
LAIKADUTZA – PowerPointak – OTOITZA: Zurekin bakarrik

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue