#
#

Otoitzerako metodoak:

# # #

Otoitzean irakurriz

#

# # #
#
#

1 - GOGOAN HARTZEKO ELEMENTUAK



Otoitzerako LEKU EGOKIA: alderdi hau zaintzea beharrezko da.

“KEINU” bereziren bat lagungarri izan liteke otoitzaldirako: Biblia bat zabalik, aurretiaz prestatutako orriren bat...

Mobilak eta antzekoak deskonektatu.

• Otoitzaldian MUSIKARIK erabiltzekotan (askori asko laguntzen die), aurretiaz prestatuta
eta eskura
eduki.

PARABOLARIK erabiltzeko asmorik baduzu, prest eduki.

• Eta berdin otoitz aldirako lagungarri zaizun beste edozein “elementu”.

• Azken laburpen antzera: erabiltzeko den guztia... eskura edukitzea, otoitzaldian hara-honaka bila ez ibiltzearren. Horregatik, neroni nahastu eta desbideratu ahal nauen edozer... kanpora!



2 - METODO - EMAN BEHAR DIREN PAUSUAK



1. IDATZITAKO OTOITZ bat hartu; esaterako, Bibliatik Salmoren bat edo beste otoitzen bat.

2. Hartu GORPUTZ eta GOGO JARRERA EGOKIAK otoitzerako. Barrua baretu eta Jaungoiko onaren Espirituari deitu, otoizbiderako lagun izan dakigun.

3. Has zaitez otoitza ASTIRO IRAKURTZEN. Astiro-astiro. Saiatu zaitez irakurtzen duzuna zureganatzen. Hau da, saiatu zure bizi bihurtzen, gogo betean esaten, zuretzat hartuz irakurtzen dituzun esaldiak, zure gogoa bat eginez esaldien esanahiarekin.

4. Bihotz-erdian “ukitzen” bazaitu ESALDIREN BATEK, gelditu bertan. Behin eta berriro errepikatu, bere laguntzaz Jaunarekin bat eginez, esaldiari zumoa atera arte, edota bere barneko muinaz zure barrua ase arte. Egizu Jaungoikoa beste aldeko ertza bezala dela; bestaldeko ertzarekin bat egiteko, ez duzu zubi asko behar; nahiko da zubi bat, esalditxo bat nahiko Jaunarekin elkartze hori egiteko.

5. Horrelakorik gertatzen ez bada, JARRAITU ASTIRO-ASTIRO IRAKURTZEN, irakurtzen duzun hori zureganatzen eta hausnartzen. Noizbehinka gelditu. Atzera jo eta errepikatu bihotzez esaldi esanguratsuenak.

6. Halako uneren baten, uste baduzu ez duzula behar irakurketarik, utzi albo baten otoitz idatzia eta utz iezaiozu Espirituari zuregan argi egiten berez sortzen zaizkizun esaldiekin.

7. Une horretako gozotasuna DASTATU; Bere presentziaz DASTATU; Berarekin KONPARTITU aurki duzuna. Dena soseguz eta lasai.



3 - BIZITZARAKO KONPROMESU BAT



• Bakoitzaren kontua da, baina oso pedagogikoa eta asko laguntzen du bizitzarako KONPROMESU bat ipintzea.

EBALUAKETA bat egiteko une egokia izan daiteke, era xume batez bada ere, bizi izandako otoitzaldia aztertuz.

Bakoitzak bilatu behar du BIDE zehatza: koaderno baten idatzi; otoitz labur baten laburbildu, egunean zehar errepikatzeko...




4 - OTOITZALDI HAU BUKATZEN JOATEKO



• Gogoko baduzu, ABESTI bat, zein entzunez, zein ahopetik kantatuz norberak, baliteke era egoki bat izatea.

• Edota, batez ere, gogoko bazaizu, MUSIKA soinu giro baketsua sortu, eta bizi edota sentitu izan duzun dena bildu... Eta guztia egin lasaitasun eta bake giroan.

Beste LAGUNGARRI bat gehiago: seguruenez bati baino gehiagori ongarri izango zaie (noizean behin) PARABOLA edota IPUIN bat irakurriz edota berari buruz gogoeta eginez bukatzea. Geldi zaitez unetxo batean hortik jaso duzuna hausnartzen. (Webgune honetako “Parabolak-Ipuinak” txokoan, aurkitu ditzakezu nahi beste).

• Bizi eta esperimentatu duzunagatik ESKERRAK emanez buka dezakezu.



AZKEN OHARRA: Otoizkera hau edozeinentzat da eskuragarri. Bizitzako une batzuetan baliteke ERARIK ERRAZENA izatea. Beraz ona izango zaizu bide honetatik SAIATZEA, bizitzako une batean baino gehiagotan beste biderik aurkituko ez duzulako. Ona eta beharrezko da halako momentu batzuetarako horrelako baliabide egokiak eskura edukitzea.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue