#
#

Otoitzerako metodoak:

# # #

Bidez-bide: martxan aurrera

#

# # #
#
#

Hauxe da gure planteamentuaren norabidea: zalaparta asko barik; teologiazko eta espiritualtasunezko maisuen irakatsi haundi barik. Hori gure gainetik dago; egia esan, ez dogu gura inor nahasterik, eskeini, erreztu, adierazo, lagundu, konpartidu bakarrik... Eta, hau guzti hau… “BIDEZ BIDE” goazela. Hauxe besterik ez, hauxe bakarrik.

Dogun USTE OSOAN oinarrituta hasten gara. IPUIN baten bidez egiten dogu:

TXIMELETA eta ARGIA



Halako gau baten, tximeleta guztiak batu ziran. Hauxe zan euren jakinmina: zelan ezagutu hurretik sua. Alkarren artean jardun eben:
- «Norbait behar dogu suaren barri emoteko».

Euretarik bat gaztelu batera joan zan. Eta kanpokaldetik, han urrunean, kandela bat ikusi eban. Lagunartera bihurtzerakoan, berak ikusi ebanaren barri emoten ziharduan, berak ulertu ebanaren arabera. Baina guztien buru egoan tximeleta nagusia ez zan konforme gelditu:
- «Ez dakizu suari buruz tutik ere», -gaineratu eban.

Beste tximeleta bat joan zan gauzak aztertzera. Hau gazteluan bertan sartu zan eta sutara hurreratu zan, baina garratik urrun. Honek ere sekretu batzuen barri emon eban, suaren kontura pozez gainezka. Baina tximeleta jakintsuaren erantzuna:
- «Adiskide, hau ere ez da, ba, argibide nahikoa. Zure kontakizunak ez deuskue aurrrekoak baino ezertxo ere argiagotzen».

Ondoren hirugarren bat ere joan zan. Egitekoaren zoramenez gainezka, sugarraren gainean ezarri zan. Bere hankatxoak luzatu eta maitekiro besarkatu eban, bertan irribarrez deseginez. Sugarretan batuta, bere gorputz atalak gori-gorian jarri ziran.
Tximeleta maistreak sugarragaz bat eginda ikusi ebanean, argi biziz bat eginda, badino:
- «Honexek bakarrik lortu dau helburua. Orduan, beronek bakarrik daki zer dan sugarra».



• Ipuin honek sortu deust eraginik? Ondoren bat jasoteko gai ahal naz?

EZ DAGO OTOITZERAKO BIDERIK.
OTOITZA BERA DA BIDEA.



• Ba dozu zer esanik goragoko esaldi horieri eta bere proposameneri buruz? Gura dozu besteakaz konpartitzea?



I.- “NUNBAITERAKO” bidea seinalatzen daben hasierako zertzelada batzuk



1. Hauxe besterik ez dira: “bidean jarteko” lagungarri izango jakuzan “pintzelada” batzuk; baina oinarrizko ideia argiak jarriz, ezetariko lotsari barik, aurrez begiratuz eta adorez:

• “Otoitza BIDE bat da”.
• “Otoitza ABENTURA eder bat da”.
• “Otoitza MISTERIO zoragarri bat da”.
• “Eta hau euren izatea benetan hartzen daben KRISTAU GUZTIENTZAT”.
• “Otoitz egitea Jaungoikoagana HURRERATZEA DA, Beragaz MAITEZKO ALKARRIZKETA bat sortuz”.
• “Otoitz egitea MAITATZEA, BARRE EGITEA, NEGAR EGITEA, AMETS EGITEA DA...; baina, baita ere, KONPROMETITZEA, FIATZEA, ITXAROTEA…”.


2.- Baieztapen honeek “zer” bati begira dagoz, OSO ESANGURATSUA dan zerbaiti, baina horrek ez dau esan gura ERREZA danik. Horregaitik, hasieratik esan daigun (ziurtasun haundiz esanda gainera):

• Otoitz egitea ez da lasaitasun ordu bat hartzea, neure gauzak, arazoak, maite dodazan lagunak gogoan erabiliz.
• “Depre” gatxaren aurkako errezeta bat ere ez da, ez da trankil lo egiten laguntzeko “pastilla” bat ere.
• Otoitz egitea ez da “herentziatik” tokatzen jakun zatia eskatzea, bere seme-alaba nazala-eta; ez da Jaunagaz “trukean” jokatzea: “azterketak ondo ateratzen laguntzen badeustazu, nik hau emongo...”.
• Otoitz egitea ez da neuk ondo edo txarto egiten dodazanak ontzat hartzeko, edota inguruan jazoten jatanagaitik errurik ez hartzeko.
• Otoitz egitea ez da...


3. “ALDERDI ONETIK” begiratuta jarri daigun goian esan doguna; holan, seguru asko, hobeto sentiduko gara, eta hori garrantzitsua da. Izan ere, geure burua kolpeatuta ez dogu ezer onik ateraten, ezinean hondatu baino ez. Ez; “beste gauza” batera KONBIDATUAK gara.

Horregaitik, “geuretzat” hartzen doguz hemen batzen doguzan baieztapen eta ziurtasun batzuk. Halan eta guztiz ere, ezin dabe argitu eta osotu hemen esan gura dogun guztia, nahizta LAGUNGARRI izan:

• “Otoitz egitea Jaungoikogaz TOPO EGITEA gura izatea da, holan hurkoagaz arduratuz biziteko”.
• “Otoitz egitea guzur-ametsetatik ihes egitea da, baina Jaungoikoaren ERREINUKO UTOPIA bizitzeko”.
• “Otoitz egitea BARRUAN onena gura izatea eta bilatzea da, ondoren kanpora atera eta lagunartean konpartitzeko”.
• “Otoitz egiteak, bada, ZER IKUSIRIK ASKO dauka Jaungoikoagaz, eta besteen alde JOKATZEAN gauzatzen da” (Jaungoikoak berak diharduan lez).


4. Barriren barri azpimarkatzen dogu: “gauzatxo batzuk” seinalatu baino ez dogu egiten, baina uste baino garrantzi haundiagoa dabe, “bidean” jarten gaituanaz batera, aurrera egin gura badogu ITZELEZKO ABENTURA ZORAGARRI honetan. Hori dala eta, ezin dogu ahaztu... ondorengo baieztapen honeek beti AURRERA bultzaten gaitue eta:

• Otoitza DOHAIA eta GRAZIA bat da, Jainkoak emoten deuskuna eta eten barik eskatu behar deutsaguna.
• Horrexegaitik, hain da garratzitsua JARRERA PERTSO-NALA, bai barrukoa, bai azalekoa.
• Beraz, beharrezko da geure burua prestatzea Jaungoikoagazko TOPAKETA honetarako.
• Horretarako, beharrezko da jardutea dana norberagan balego lez, baina, era berean, dana Jaungoikoagandik datorrela jakinda.


5. Zertzelada labur honeek burutzean (baina beti gogoan euki beharrekoak), alkar BEROTU beharra dogu, apurka mundu honetan jakinaren gainean sartzen joan gaitezan otoitzaren ZORAGARRIZKO ABENTURA honetan. Hasiera bertatik ausartzen gara esatera: ez gara sekula damutuko bide honetan sartu izana.



II.- ERABAGI PERTSONAL honen aurrean, gogoan euki beharreko gauzak



Orain arteko zehaztasun txiki, baina esanguratsuen ondoren, HIRU GAUZA gogoan hartu behar doguz, asko lagunduko deuskue eta oinarrizkoak dira hasi gura dogun bide honetarako, eta POZEZ BETEKO gaituen pausuak emon, abentura zoragarria dala aurkitu dogulako:

• Gorputz jarrera
• Lasaitzea
• Konzentratzea


A) GORPUTZ-JARRERA

• Ikusten dozuenez, gorputz-jarrera garrantzitsua da otoitza egitera goazenean. Huskeria bat dirudiana, ez da.

• Hau ere begibistako egia da: pertsona bakotxak bilatu behar dauala egokien datorkion bere gorputz-jarrera Jaungoikoagazko topaketa bidean.

• Eta hau ere gogoan hartu beharrekoa da: otoitzerakoan keinuak erabiltea oso garrantzitsua dala; esan ohi danez, irudi batek mila berbak baino gehiago balio dau.

EGOKIENA dan JARRERA, bai gorputzezkoa, bai sikologikoa, honako hauxe dozu:

• Jesarri zaitez oinazpiakaz zorua ondo ikutzen dozula, oinakaz angelu zuzena osotuz.
• Jesarlekuko bizkarraldea zuzena izan dedila, holan gorputz enborra, burua eta samea zuzen egongo dira; inoiz ere ez zurrun, gogor.
• Eskuak, belaun gainetan itzita, esku-zabalak gora begira, edota eskumako eskuak ezkerrekoa gainean daukala, hatzamar lodi biak alkarri deutsoela, altzo gainean.
• Begiak itxita edota puntu jakin batean begirada finkoa, mogidu barik.

Jarrera bata zein bestea hartu, hauxe da beharrezkoena: hartzen dozun jarrereak lagundu deizula otoitzak irauten dauan artean, jarrera aldatu beharrik izan barik, edota ahal danik gitxien aldatuz.

Ez ahaztu hau: gorputz-jarrereak LASAITZEN LAGUNDU behar deutsula, horregaitik ez doguz onartzen jarrera estu eta tenkatuak.


B) LASAIKETA

Hain da erreza eta hain gatxa BARRUKO BAKEZ itxaroten egotea lez. Atal honetan, beharrezkoena Jaungoikoa aurrez aurre eukitea da; ez da Jaungoikoa sortzea, Jaungoikoa beti dago presente. Honetaz jabetzea da.

• Hasteko, tentsio muskularrak lasaitzen joan behar dogu, Jaungoikoagazko topaketan oso kaltegarri dira. Nerbio-tentsinoa otoitzerako eragozpenik haundienetarikoa da otoitzaren hasieran.

• Hau guztia “teorikoa” edo neketsua irudituko jatzu. Eragozpen haundi barik lortzen dala ziurtatzera ausartzen gara, eta otoizlariari asko laguntzen deutsola. Horregaitik, ez egizu huskeritzat hartu, arren, hain garrantzitsua da-ta.


C) KONZENTRATZEA

Hor goian esan doguna praktikan jartzea da, baina jarrera bat edo beste erabiliz, edota arnasketan...

• Bide honetatik jota, apurka apurka sentiduko zara gogoz argi eta zabalik, Jaunaren presentzian, eta hor sortuko da alkarrizketa.



III.- ERAGOZPENAK OTOITZEAN



Otoitzaren “atarian” gogoan hartu behar dogun beste alderdi bat hauxe da: bertatik sortu daitekezan ERAGOZPENAK, edota bidean agertzen diran traba kaltegarriak. Alderdi hau gogoratzea ez da “trankil ipinteko”, edota inori atzera eragiteko. Kontrara, hau jazo daitekela jakinaren gainean jarri (jazo ere jazo daitekez eta), eta ez gaizala bidean geldituazo ABENTURA ZORAGARRI eta EDER honetan. Honetaz jabetuta egoteak, arrisku horri aurka egiteko prest ipiniko gaitu.

Konturatu gaitezala arrisku eta egoera honeetaz, eta seguru asko bidean aurrera egingo dogu.

1. “OTOITZA” bera ZER DAN jakitearen eragozpenak

Berbea bera “sarri darabilgu”, baina, jakin, ez dakigu zertaz dihardugun; edota ez dugu behar den beste baloratzen, otoitz giroko gozotasunaren esperientziarik ez dogulako. Egia esan, hau benetako eragozpena da eta asko daroaz “gogoa galtzeraino”.

• Bada bide bat eragozpen horri adorez aurka egiteko: GOGO BEROZ jokatu otoitzaren “esparru” hontako aukerak aprobetxatzeko; eta, batez ere, zer dan jakiteko egarriz otoitza EGINEZ eta EKINEZ.

• Horrexegaitik, otoizkera ezbardinak eta askotarikoak eskeiniko doguz, bakotxak une eta giro bakotxean egokiena aurkitu eta erabili dagian. Otoitz bide honeek eskeintzen joango gara, ezagun-ezagunak dira, hainbeste gizon-emakumeei “BIDEAn” lagundu deutsenak gizaldietan zehar (nahizta beste izen batzuek erabili).


2. DENPORAREN eragozpena

Gaurko gizarte giroan dana neurtzen da denporeaz, orduak jan egiten deuskue eguna, eta baleiteke gure agenda hain beterik eukitea, Jaungoikoarentzat lekurik ez eukiteraino. Ekinaren ekinez ibilteak poztu egiten gaitu antza, sarri gogo onez, baina beste askotan ihesbide batzuk doguz geure arazoetatik edota geure buruagandik ospa egiteko. Ihes egin eta ontzat hartu, gure eskuarteko lanak apostoliku kutsurik izan ezkero. “Ez daukat astirik”, baleiteke esaldi hau ezaguna eta etxekoa izatea.

• Hau errez jazoten da otoitza GURE BZITZAREN PARTE lez hartzen ez dogunean, ezta gure agendan ere. Eta esperientzia hau bai dala egia, zoritxarrez, eta OHIZKOA fededun askoren bizitzan, gugan ere bai.

Urtenbiderik bai? Argi dago: beharrezko dala eguna behar dan lez ANTOLATZEA, otoitzak bere lekua daukalarik. Holan ez bada, hau guztia “gurari on bat” besterik ez da izango.


3. TESTUINGURUAREN eta INGURUGIROAREN eragozpena

Sarri askotan ez gara geu itzitasunaren errudun, otoitzaren kaltezko egoera hau sortzen dauan ingurgiroa baino. Entretenimentuak, etenbako jardunaldiak, telebista, kontsumoa, neure gauzak, neure arazoak, eta danen artean katramilatzen gaitue, gure barru-giroa nahastuz eta gure bizitzaren jabe eginez.

• Hemen kontuan hartu beharko geunkez beste zertxo batzuk ere: otoitz egiteko ordu eta leku egokia, bitartekoak, edukia. Eta gogoan hartu otoitz bidean apurka eta astiro egiten dala bidea. Eskatu laguntza behar badozu.


4. NI NEU NAZ eragozpen

• Badogu beste arrisku bat ere: otoitz egiten dogula uste izan eta geure zilborrari begira egotea. Jainko faltsu bategaz ere bat egin daiteke, azken baten, neure buruari neuk jardutea.

Eragozpen honi aurre egiteko hona ERIZPIDE BI. Lehenengoa, METODO BATEGAZ LEIALA IZAN, hau elementu garrantzitsua eta baliozkoa da. Eta bigarrena, hau ere interesgarria: noizean behin OTOITZ TALDEREN BATEN PARTE HARTU; hortxe jaso geinke argia eta laguntza gure bidea zelan doan jakiteko. Eta, jakina, aukera danean, ORIENTABIDE PERTSONALA bilatu, bidean aurrera egiteko.


5. KONPROMISOAREN eragozpena

Bildur emoten deusku otoitzetik sortu leikigun konpromisoak; Jaungoikoaren eskakizunak atzera eragiten deuskue, norberak benetan maite dauanean. Sarri Aita deitu arren, ez gara Beragaz fiatzen.

Baleiteke hauxe izatea eragozpenik haundiena. Hau menperatu ezkero, apaltasunez, zintzotasunez eta itxaropenez jokatuz, gainerako eragozpen guztiak joango dira hankazgora astiro eta berez.


6. Orain arteko gogoeta osoaren ONDOREN batzuk…

Hartu zure denporearen zatitxo bat OTOITZERAKO.
Ez zaitez lanaren lanez bete, egunero zapalduta ibilteraino.
Ikasi egizu zure bizitza bizitzen Jaungoikoaren opari-dohai lez.
Ez egiozu Jaungoikoari bildurrik izan.
Ikasi egizu entzuten jakiteko teknika: zoaz astiro astiro Jaunak zer eskatzen edo zugandik zer itxaroten dauan ikusten.
Ez egizu gogoa galdu ezer barririk sentitzern ez badozu, edota otoitz bidean ez dozula aurrrera egiten ikusten badozu. Historian izan diran otoizlari haundiak ere otoitzean krisialdiak eta geldialdiak izan ebezan: Santa Teresa, San Inazio...
Hurreratu zaitez otoitzera Jaungoikoagaz topo egiteko gogoz, bestelako helbururik jarri barik.
Bide honetan esperientzidun pertsonaren bati eskatu egiozu laguntza, gai garrantzitsu honetan gidatu zagizan.




IV.- OTOITZ BIDEAK



Hainbat eratakoak izan daitekez kristauak Jaungoikoagaz alkarrizketa izateko otoitz bideak. Ondoren, hor dozu euren zerrenda bat. Astiro joango gara ezagutzen, sakontzen eta horretariko batzuk geuretzat hartzen ahaleginduz:

• Meditazinoa
• Kontenplazinoa
• Ahozkoa
• Liturgikoa
• Benediktarra
• Apostolikoa
• Azterketa
• Irudiz, keinuz, seinalez
• Eskarizkoa
• Eskerronezkoa
• Bitartekotza
• Bost zentzumenezkoa
• Gorespenezkoa
• Irakurgai espirituala
• Bizitza espiritualki aztertzea
• Salmo otoitza
• Karismatikoa


Zerrenda luzeagotu geinke, izan ere, zalantza barik, Jaunagaz alkartzen garan bakotxean, otoitzean gagoz. Garrantzitsua hauxe da: Jaungoikoagana hurreratzean BIHOTZEKO XALOTASUNA eta APALTASUNA, Beragaz hartuemonean sartzeko. Kontua ez da berba potoloak esatea; hori barik, otoitzik ederrena bihotzaren erditik urteten dauana da.

Eta beste barik, berehala hasi gaitezan OTOITZ-EREDU batzuk EZAGUTZEN eta PRAKTIKATZEN. Beharrezko da bakotxak (luzarora) berari egokien datorkiona -bat edo gehiago- aukeratzea, bizitzako giro bakotxak eskatzen deuskunez.

Baina benetan eskatzen deutsugu, gogoan izan dagizuzala KONPARTIDU doguzan lehenengo gogoeta honeek. Lagungarri izango jatzuz!



V.- EUTSI OTOITZ EDER BAT KATEKESIA HAU AMAITZEKO




ZUREKIN BAKARRIK

Nire pausoak gelditu nahi ditut
eta nire bizitzako erritmo arina baretu,
lasaitasunez,
Zuk emondako guztia kontenplatzeko.

Une baten isilik egon nahi dot
eta nire ideien eta sentimentuen zaratotsa isildu,
nire zentzumen guztiekin
zure aurrean adi-adi egoteko.

Nire ondoan eraikitzen diran
arresi guztiak apurtu nahi ditut,
edozein ordutan
askatasunez nigan sartzen izteko.

Nire etxea hustu nahi dot
eta aldean geratu jatana erantzi,
duintasunez
Zuri lekua eskeintzeko.

Zugaz bakarrik egon nahi dot
eta zure Espirituaz bete eta maitatu,
poztasunez
gauza guztien bila joateko.

Bakea, bizia eta zentzuna emoten deustan
zure arnasea sentitu nahi dot,
baikortasunez
momentu hau zurekin bizitzeko.



OTOITZ hau PowerPointeko Aurkezpen bat bezela topau dezakezu link honetan:
LAIKUNTZA – PowerPointak – OTOITZA: Zurekin bakarrik

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue