#
#

Otoitzen: "PREGOIAK"


Mendekoste deia #
#
#

Jesus Piztuaren Espiritua,
geure pobretasunetik esaten dizugu: etorri zaitez;
geure ahultasunetik esaten dizugu: etorri zaitez;
geure fedetik esaten dizugu: etorri zaitez;
geure guraritik esaten dizugu: etorri zaitez.
Maitasunez esaten dizugu: etorri zaitez.

Aita-Ama, bidali zeure Espiritua:
aldien hasieran nahaste-borrasteen gainetik zebilen Espiritua:
kreazioaren sorreratik dena biziz betetzen duen
eta unibertsoa indarrez betetzen duen Espiritua;
basamortutik zehar zure herria agindutako lurrera bideratzen zuena;
profeten bidez hitz egin zuena eta gaur ere egiten duena,
eta haizeak eramaten dituen hitzak baino hitz ozenagoa duena;
bihotz gogorrak aldatzeko gai dena;
isiltasunaren eta ahazmenaren haranean
sakabanaturik dauden hezurrei
bizia eman ahal diena;
zeure Semearen Espiritua.

Jauna, bidali zeure Espiritua
eta ireki iezazkiezu gure bihotzak gizon-emakumeen sufrimenduari
eta gurutze, heriotza, odol, garrasi, bihurtutako zotinari eta minari.
Atera ezazu gure begietatik harrokeriaren gure estalkia
eta ikus dezagula bizitza hau guztia dela, dena batean:
dohaina, norbera ematea, oparia, entzutea, errukia, gorespena,
zerbitzua, borroka eta otoitza.
Zure Espiritua, Jauna, isuri dadila gure gainera
eta Hark bideratu, igurtzi eta zureak egin gaitzala.

Eman iezaguzu gai ez denaren, txiroaren, apalaren zentzua;
gutxiaren, ezerezaren, ahultasunaren zentzua;
zorionaren, pozaren eta jaiaren zentzua.
Emaguzu anaia-arrebei laguntzeko gauza den bihotz apala.
Emaguzu zure errukia suma dezan
eta gure norberekeriaren hesia hauts dezan bihotza.

Isur ezazu gure eskuetara zeure Espiritua,
bidal ezazu sua gure bihotzetara.
Bota zure arnasa sinesten dutenengan, ezbaian daudenengan,
maite dutenengan, bakarrik daudenengan,
zuzentasunaren alde jokatzen dutenengan,
bakearen alde borrokatzen dutenengan,
etorkizuna eraikitzen dutenengan.

Berri Ona iragartzeko,
munduan maitasunaren lekuko izateko,
elkartea eraikitzeko eta ondasunak elkar banatzeko,
mahaia denei eskaintzeko eta anaia-arrebei atea zabaltzeko,
ordua da.

Espirituaren eguna da,
elkartearen eta egiaren ordua,
askatasunaren helduera,
Espirituz eta Egiaz gurtzen dutenen tokia,
berriz jaio nahi dutenen aldia.

Denerako ahalmena ematen duen Espirituaren aldia da.
Orain, Erreinua martxan jarri da, eta Jauna dugu gure indarra.
Orain, fededunok esan dezakegu:
“Bakea eta poza iragartzera bidali nau”.
Hemen eta orain, zure lekuko izan nahi dugu, Jauna.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue