#
#

Salmo berriak: "BESTE BATZUK"


Egun berriaren hasierako salmoa #
#
#

Jaunak bedeinkatu eta zaindu gaitzala.

Nire begiak egunaren
argi berriak ukitzean, Jauna,
nire bihotzak Zuregana jotzen du,
zure begitartearen bila.

Entzun itzazu, arren,
berriro bizia sentitzen duenaren hitzak,
eta adi egon zakizkit, Jauna,
zabalik dauden nire eskuak
hurrean aurkitu nahi zaituzte-ta
.

Goiz-goizetik zure eskuetan uzten ditut
nire kezkak eta nire ametsak;
goizetik gaberaino zure bidetik
eraman nahi ditut nire pausoak.

Entzun nire dei-hotsa, Jauna,
hain on eta errukitsu zaren Horrek;
eta bizkortu Zuk nire bizitza,
Zuregan argia eta beroa bilatzen ditut-eta.

Begira, Jauna, behartsu honen bihotza,
txantxangorriak bezala,
zure esku-barruan babesa bilatzen baitu.

Gaurkorako Zuk, har ezazu
nire buztin-orea

eta molda ezazu zure asmoen arabera.

Zure begien aurrean bizi nahi dut
eta zure begirada maitekorrak
barrendu nazaten utzi;
zure begien aurrean, Jauna,
txiki eta ahul sentitzen naiz.

Isuri, arren, egun honen hasieran,
zure ontasuna nire gainera
.
Horrela nire bihotza seguru sentituko da,
eta egunaren hasieratik gogo berriz beteko da.
Jauna, aldendu nire bidetik inguratzen nuen gaitza
eta ez utzi gezurrak gaur gehiago egin dezadan.

Emadazu apaltasuna, neurritasuna,
nire bihotza gaur denekin biguna izan dadin,
inori behar ez den moduan erantzun gabe.

Zuk zuzendu eta zelaitu nire bidea,
zure lege-bidean zintzoa izan nadin.
Zure Espirituak esku eman dezadala
larrialdi guztietan.

Nire ahoak iragar dezala
gaur nire barruko poza;
nire hitzak denen pozgarri izan ditezela.
Jauna, emadazu bihotz garbia,
gaur ikus zaitzadan;
Jauna, emadazu pobre-bihotza,
gaur zure errukia bizi dezadan.

Zure eskuetan jartzen ditut
gaurko nire asmo eta eginbeharrak:
Esku emadazu. Zuri eskaintzen dizut
naizen eta daukadan guztia: Onar ezazu.

Biziaren Jainko zaren Horri eskatzen dizut indarra:
Bizkor nazazu.
Nire bihotzak maite zaitu eta pozez beterik,
Zuregan sentitzen da zoriontsu.

Bedeinka nazazu, Jauna,
eta eraman nazazu bide zuzenetik;
beso sendoz zaindu nazazu, izan nire indar.
Zure hegapean zaindu nazazu, Jauna,
eta horrela igaroko dut,
Zuk maitasunez eskaintzen didazun egun berri hau.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue