#
#

Salmo berriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Zintzoaren atsekabea #
#
#

1
Ene Jaungoiko! Ene Jaungoiko!
Zergatik zapuztu nauzu?
Hainbat deiadar eginda ere
Zuk baztertuta naukazu.
Nire otoitzak eta aihotsak
ez al dira Zuganatu?
Edo bestela, ene Jaungoiko!
Zuk aintzakotzat ez hartu?

2
Egun guztian ni Zuri deika,
hala ere, Zuk erantzun ez;
gau beltz astuna datorrenean
hor naukazu atsekabez.
Baina jauretxe zoragarrian
Jaungoiko bizi zarenez,
zure Israel honen otoitzak
entzun izkidazu onez.

3
Gure guraso haiek Zuregan
zuten usteon osoa,
eta Zuk denei eman zenien
askatasun txit gozoa.
Etengabean egin zizuten
bihotz eskari beroa;
hutsegin gabe lortu ere bai
Zugandik bake giroa.

4
Baina ni ez naiz har bat besterik,
gizonentzat lotsagarri,
gizadiaren aurrean lizun
simaur eta nazkagarri.
Nonahi ikusten nauten guztiak
ematen die barreari,
buru-eragin eta kinoka
hala diote elkarri:

5
“Begira nola hau doakion
Jaungoikoari eskean,
bere eskutik salbazioa
lortuko duen ustean.
Esan ohi duen bezala maite
baldin badu bihotzean,
onez atera dezala beti
bere estutasunean”
.

6
Zuk Zeuk atera ninduzun, Jauna,
amaren ume-tokitik,
eta Zuk eutsi ere bai
hazi arte bularretik.
Zure menpean nago ni beti
jaio nintzen egunetik,
bakar-bakarrik Zu zaitut Jainko,
nire ama-sabeletik.

7
Horregatik Zuk ez dezazula
niregandik ihes egin,
datozen ordu samin gorritan
zaude , bai, Jauna nirekin.
Laguntzailerik onena beti
Zu zaitudala banekin,
ta zure beso indartsu horrek
ez dezaidala huts egin.

8
Hainbat idisko -begiak sutan-
hor dabiltza inguruan,
Basango zezen gaiztoak sartu
nahi naute esi barruan.
Aho zabalik amorratuak
bere biziko orruan,
irentsi nahirik datoz nigana
lehoi goseti moduan.

9
Odolez ase nahi duten txakur
amorratuak alboan,
bihotz gabeko gaizto taldea
sutan bere gorrotoan.
Esku ta oinak zuloz beterik
ditut odol-jarioan,
nire hezurrak bana-banaka
zenba daitezke behingoan.

10
Baina, Jaungoiko, jaiki ta zatoz
azkar niri laguntzera,
etsai guztiak gainean ditut
badatoz ni zapaltzera.
Ustez gogorrak badira ere
ez dut egingo atzera,
indar berbera zaitudan Hori
nirekin baldin bazera.

11
Nire ondasun eta bizia
Zu zera bakar-bakarrik,
gorde nazazu une guztitan
etsaiaren ezpatatik.
Urrutiratu nadila txakur
eta lehoi hortzetatik,
ez dezadala gehiago ikusi
basa-idien adarrik.

12
Goratuko dut zure izena
herriaren batzarrean,
kantu gozoak alai abestuz
nire anaien artean.
Goratu Jauna, zintzo guztiok,
ospatu etengabean,
Jakoben seme, Israel dena
ahuspeztu bere aurrean.

13
Bera da nire pozkari eta
aintza bazter guztietan,
beteko ditut nire eskaintzak
zintzo denen begietan.
Behartsu diren denak jan eta
aseko dira benetan,
Jaunaren bila dabiltzan denak
aupatuko dute jaietan.

14
Hau oroitu ta Jaunarengana
bihurtuko dira denak,
lur osoaren muga batetik
bestera bizi direnak.
Aurrean ahuspez jarriko zaizkit
buru harroz dabiltzanak,
gogoz menpeko jarri ere bai
hamaika sendi otzanak.

15
Jaunarena da erregetza ta
Bera herri denen jabe,
Haren aurrean ahuspeztu behar
beste aukerarik gabe.
Orain lurrean bizi bai baina
hilko direnak hala ere,
hauts bihurtuta han egoteko,
gero berriz piztu arte.

16
Ondorengoak izango ditu
betirako zerbitzari,
nola jabetu erakutsiaz
datorren gizaldiari.
Harek jakinaz, zenbat zor dion
bere Jainko zuzenari,
gogotsu ta eskerronean
ekingo dio kantari.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue