#
#

Salmo berriak: "BILAKETA - ADISKIDETASUNA"


Bihotz zoriontsu baten salmoa #
#
#

Aleluia, Jauna! Zaindu nazazu,
nire gordeleku Zu baitzara.
Aleluia, Jauna! Onar nazazu,
nire bizileku Zu baitzara.
Aleluia, Jauna! Gorde nazazu,
borrokan nire babeski Zu baitzara.

Nik bihotzez diot:
Zu zera nire Jauna,
nire bizitzaren Jainkoa.
Nik nire bihotzean diot:
Zu zera nire ondasuna
eta Zuregandik kanpo ez dago ezer.

Zu zera nire bihotzaren
poza eta zoriona betiko.
Zu handia zera, harrigarria,
nire existentzia asebetetzeko bestekoa.

Zuregan sinesten dutenekin bat eginda diotsut:
gurtzen zaitut, Jauna!
Zuregan itxaroten dutenekin bat eginda diotsut:
Zuregan itxaroten dut, Jauna.
Bihotzez maite zaituenekin bat eginda diotsut:
maite zaitut, Jauna.
Aleluia! Amen! Aleluia!
Zorionekoa Zurekin kontatzen duen gizona!

Zu zera nire ondare-zatia,
Zu nire edontzirako ardo gozoa;
zure graziaz eta leialtasunez,
pozez betetzen nauzu egunero.

Nire zoriontasuna
zure ahoko hitzetik eskegita dago,
eta nire begiak aspertu ezinik
zure ezpainetako irriaren egarri dira.
Bedeinkatzen zaitut, Jauna,
maite nauzulako eta zuzentzen nauzulako.

Zu beti nire ondoan zoaz
eta nire bizitzako bidea zuzentzen duzu;
Zu zaude nire existentziaren erdian
eta samurtasunez hitz egiten didazu.

Zurekin seguru sentitzen naiz
eta bidea arindu egiten zait;
Zurekin nire oinak ez dabiltza kili-kolo
eta Zuk lagunduta gustura nago.
Nire bihotza pozez goraka dago
eta nire erraiak pozez saltoka.

Zoriontsu sentitzen naiz,
teilatu ertzeko kurloia bezala;
zoriontsu sentitzen naiz,
zeru-betean hegaz dijoan kaioa bezala;
zoriontsu sentitzen naiz,
gauez zeru urdinetik eskegita
ņirņir dagoen izarra bezala.
Aleluia! Amen! Aleluia!
Zorionekoa zurekin kontatzen duen gizona!

Nire bihotzak atseden hartzen du,
gustura sentitzen naiz zure ondoan;
zure Espirituak egi osora eramaten nau
eta libre sentitzen naiz.

Zure maitasunak,
nire bizitzari segurtasuna ematen dio;
eta zure aurpegiak, eguerdiko eguzkiak bezala,
nire bidea argiz betetzen du.
Aleluia! Amen! Aleluia!
Zorionekoa Zurekin kontatzen duen gizona!

Erakuts ezaidazu, Jauna, nire bizitzako bidea
eta bete-betean bizitzeko dohaina emadazu;
beti zure aurpegi-aurrean ibili nahi dut,
nire bizitzako gau eta egun guztietan,
eta goza erazi ezaidazu nire bihotz-hondoan
zure egiazko maitasuna.

Zu zera nire atsegina, Zu nire itxaropena;
Zu zera nire altxorra, Zu nire ondasuna.
Zoriontsu naiz Zurekin
eta pozaren pozez goraka egiten dut,
mendi gainetan basahuntzak bezala.

Alai ezaidazu nire bihotza,
jaiaren eta dantzaren Jainko Horrek;
alai ezazu zure begirada gozoaren bila
dabilen nire bihotza.
Aleluia! Amen! Aleluia!
Zorionekoa Zurekin kontatzen duen gizona!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue