#
#

Salmo berriak: "TOPAKETA - BOKAZIOA"


Jainkoaren egarri denaren salmoa #
#
#

Jainko, nire Jainko,
zure bila nabil eta ez zaitut aurkitzen;
zure egarri da nire bihotz txiki zorabiatu hau;
zure bila nabil eta sarri engainaturik sentitzen naiz,
nire arima lur lehor, ur gabe bezala, sentitzen da-ta.

Zure egarri naiz:
zure benetako maitasun eta leialtasunaren egarri.
Zure egarri naiz:
zure egiaren eta askatasunaren egarri.
Zure egarri naiz:
zure justiziaren eta fideltasunaren egarri.
Zure egarri naiz:
zure maitasunaren eta errukiaren egarri.

Zure bila nabil,
goizean eguzkirantz jotzen duen lorea bezala.
Zure bila nabil,
itsasoraino luzatzen den errekaren antzera.
Zure bila nabil,
hazten eta heltzen dijoan hazia bezala.
Zure bila nabil,
bere amaren babesa bilatzen duen haurraren antzera.

Zure maitasuna, Jauna, bizia da;
nire bizia baino hobea da
.
Zure aurpegiak zure graziaren
eta egiaren distira zabaltzen du.
Zure eskuak zabalik daude
barkamena eta harrera eskaintzeko.
Zure izate osoa gizonarentzat salbamen-indarra da.

Ene Jainko, beratu ezazu
nire bihotza zure ontasunez;
zure samurtasunezko euri gozoz freskatu nazazu;
jaitsi bedi nire gainera zure maitasuna,
goizeko garoa bezala;
eta zabaldu nire ezpainak,
pozaren pozez abestu dezaizudan.

Gauetan, bakardadean eta isiltasunean nagoenean,
Zu zauzkat gogoan;
eta nire bihotza zure begiradaren argira dijoa;
Zuk betetzen duzu nire gaua;
Zu zera nire existentziaren zentzua;
Eta, niretzat,
beti ondoan zaitudan adiskidea zera
.

Beti zure zain nago;
Zugatik nire bihotzak ez du lorik egiten.
Zugatik nago gauzaina bezala,
Zu noiz etorriko zain.
Zugatik nire bihotza
hegaz dijoa zure aurpegia ikusi arte.
Zugatik nire arima
Zuregana estutzen dijoa, niregan zure bila.

Zaindu nazazu, Jauna,
beti deika dauden sasijainkotxoetatik,
azokatan bezala, txutxeriak, azal-huskeriak,
orbel zaratatsuak eskainiz.
Aska nazazu, Jauna,
nire existentzia nork eramango,
nire bizitza liluratu nahirik dabiltzanengandik.

Ene Jainko, nire bihotz nekatua
zure bila dabil jota ke egarri biziz,
bidean zehar Zuregan dago-ta bakarrik erantzuna.
Zure bila nabil,
eskuratu nituen hainbat gauza hutsak utziz,
orain niretzat ezerezak direnak.
Zu zera niretzat ezkutuko altxorra.

Zure egarri naiz,
zure Ogiaren, zure bizi-Hitzaren gose-egarri.
Zure egarri naiz,
Ebanjelioko egiaren egarri.
Zure egarri naiz,
zure Elizarekiko batasunaren egarri.
Zure egarri naiz,
zure Espirituaren indarraren egarri.

Zure bila nabil, zure bila dabilen
kristau elkartearen ondoan.
Zure bila nabil, nirekin bidelagun
dijoazen anaiekin batera.
Zure bila nabil, eta badakit bizirik zaudena,
gure erdian presente, Jesus Jauna,
zure izenean elkartu garenon erdian.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue