#
#

Salmo berriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Itxaroten duenaren sendotasuna #
#
#

1
Jauna dut argi eta osasun;
eta nori beldur izan?
Jainkoa badut babes-lekua
nola bizi beldurrean?
Irentsi nahirik datoztenean
jota zapalduz lurrean,
Zuk lagunduta, denak jo ta behe-ra,
beude jaiki ezinean.

2
Nahita gudari talde osoa
ipini nire aurrean,
ez naiz izango ikara beldur,
bakea nik bihotzean.
Etsaiak hasten badira ere
borroka gogorrenean,
orduan eta sendoago ni
neure itxaropenean.

3
Hauxe bakarrik eskatzen diot
neure Jaungoiko Jaunari:
horrexen bila nabil ni eta
eskean nago Berari:
Haren etxean bizi nadila,
-hori dudanez pozgarri-
bizitza horren gozamenean
pozkariotan kantari.

4
Hark zainduko nau, beti bezala,
arriskurik dagoenean:
eror ez nadin, gizagaixo hau!,
etsai maltzurren sarean.
Gordelekuan ezkutaturik
bere txabola babesean,
sendo eta tinko ipiniko nau
harkaitzaren gailurrean.

5
Horrela, etsai denen gainetik
jarriko naiz garailari;
eta ondoren, neurri gabean,
emango diot pozari.
Txabola santuan eskainiko dut
eskerronezko opari,
poz-jarioan kantu alaiak
abestuaz Jainkoari.

6
Errukitsua zarenez, Jauna,
entzun ezazu nire deia,
nire bihotzak bilatu dezan
beti zure onginahia.
Zure aurrean bizitzea da
nire pozaren sustraia,
eta nigandik ez ezazu, arren,
ezkutatu aurpegia.

7
Ez nazazula zapuztu ere
betirako haserrean,
laguntzailerik gabe ez nadin
geratu neure bidean.
Zure eskutik uzten banauzu,
zapuztuta bazterrean,
etsaiak laster lotuko naute
amorruz beren menpean.

8
Nire guraso, aita eta amak
hor utziko banindute,
Zugana, Jauna, itxaropenez
laster bilduko nintzake.
Zeuk erakutsi dizkidazu, Jauna,
zure asmo eta lege,
zure bidetik ibili nadin
etsaien beldurrik gabe.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue