#
#

Salmo berriak: "BILAKETA - ADISKIDETASUNA"


Dena gaizki ateratzen danerako salmoa #
#
#

Inork ez nau ulertzen, Jauna;
Zuk, behintzat, uler nazazu, ona baitzara.
Begira inork ulertu ezin duen bihotza;
zure ondoan gorde nazazu, Jauna,
gaua non igaro ez daukat-eta,
eta nire bihotza zartatuta daukat,
gehiago ezinean hotzez.
Dena gaizki doakidanean, Jauna, Zu zakizkit lagun!

Sarri Zutaz oroitzen ez banaiz ere,
orain dei eta dei nagokizu;
salbatu, atera nazazu zoritxarreko une honetatik;
erruki zakizkit, Jauna,
nire Jainkoa bezala bilatzen zaitut-eta,
eta zure maitasun eta samurtasunaren aurrean,
sinistu, arren, ez nijoa inora Zuregandik ihesi!
Dena gaizki doakidanean, Jauna, Zu zakizkit lagun!

Jai egitea zer den ez dakien
nire bihotz hau biziberri ezazu;
ona eta barkakorra zaren Horrek
emadazu arnas pixka bat;
dei egiten dizutenentzat
maitasunez aberats zaren Hori,
Zuregan jartzen dut
nire arima urduri eta ahula, oihu eta guzti.
Dena gaizki doakidanean, Jauna, Zu zakizkit lagun!

Lurjota eta larri nagoenean, dei egiten dizut;
badakit, ni ziur nago,
erantzunen bat emango didazula;
zure ondoan, ez da inor zure antzekorik,
inor ez zu baizen maitekorrik,
bide ertzean zaurituta dagoenarekin
Zu bestean arduratuko denik.
Dena gaizki doakidanean, Jauna, Zu zakizkit lagun!

Zu bakarrik zera handi,
Zuk bakarrik egiten dituzu harrigarriak gurekin,
ezarri, arren, nire bizitzan
samurtasunaren eta maitasunaren ezaugarriak;
ezarri, arren, nire bihotzean
zure ikustaldiaren ezaugarria,
nire sinesmen epela sendo dadila,
bidean aurrera dijoala.
Dena gaizki doakidanean, Jauna, Zu zakizkit lagun!

Bildu nire bihotza zure Izenaren beldur santuan;
estutu ni naizen guzti hau zure Aita-besartean;
erakutsi zure bideak
eta ireki nazazu zure Hitzaren argitara,
eta izan zakizkit ama samur baten antzeko.
Dena gaizki doakidanean, Jauna, Zu zakizkit lagun!

Eskerrak Zuri bihotz-bihotzez
erantzun didazulako
;
zure izena beti goratuko dut, gizonaren Jainko!
Goralduko zaitut nire egun hotz eta ilunetan ere;
Zuk askatu nauzu nire bihotz-hondoan, zigor astunetik.
Dena gaizki doakidanean, Jauna, Zu zakizkit lagun!

Eskerrak Zuri, Jauna,
gaizki doakidanean, eta irteerarik ez,
Zu zera nire atea zabalik
negarrera eta samintasunera.
Eskerrak Zuri, bazterra jota,
sufritzen duenaren Adiskide,
eta zure presentziaz bere tristura
alaitasun bihurtzen duzulako.
Dena gaizki doakidanean, Jauna, Zu zakizkit lagun!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue