#
#

Salmo berriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Jauna, zu izan zera nire itxaropen nire gaztarotik #
#
#

Hau zoriona!
Zu zaitut alde,
Zu adiskide.


Zuregana biltzen naiz, Jauna:
ez nadila sekula lotsatu.
Zuzena zaren ezkero, askatu eta onik atera nazazu,
makurtu belarri hori, eta salba nazazu.

Ene Jainko, zaindu nazazu urteen hondamenditik.
Zuk eutsi barrutik, nire gorputz eta espirituan,
erortzen doan etxe zaharraren habeak.

Hau zoriona!
Zu zaitut alde,
Zu adiskide.


Zu zaitut, Jauna, nire uste ona,
Zu, Jauna, gazte nintzenetik, nire itxaropena.
Zuregan tinkatu naiz amaren sabeletik.
Nire haurtzaroan ere Zu beti nirekin.
Nire lehenengo oroipenak zure maitasunez beterik daude.

Gaztetan ez zen izango egunik, Zurekin egon gabekorik.
Zu zinen nire eguzkia, nire eguna,
nire akorduen hasiera eta bukaera.
Zu zinen nire Jaungoiko, nire dena.

Ez nekien zer nintzenik ere,
zure maitasuna begi-aurrean izan ez banu...
Ahoa beterik neukan zure gorespenez,
egun osoa zure edertasunez.

Hau zoriona!
Zu zaitut alde,
Zu adiskide.


Bakardadeak estutzen eta nekatzen nau.
Belaunak dardaraz dauzkat, eskuak ere dardar,
nire memoria iluntzen doa.
Ni itoginez beteriko etxe bat naiz...
Nire belarriak gortzen doaz,
begiak iluntzen,
eta nire arimako leiho guztiak ixten doaz.
Baina ni, Jauna, beti nago itxaroten,
gero eta gartsuago zure gorespenetan.

Nire ahoak zure zuzentasuna iragarriko du,
zure salbamena egun osoan.
Gazteago nintzenean, Jauna,
zure beso indartsuak eutsi zidan;
zahartu naizenean, ene Jainko, ez ni eskutik utzi.

Hau zoriona!
Zu zaitut alde,
Zu adiskide.


Lehen ere, arrisku askotatik ibili arren,
ez al nau zure esku indartsuak onik atera?
Nola utziko nauzu orain hondatzen,
zure aita-maitasunez lagundu gabe?

Oroitzen naizenetik beti maite izan zaitut, Jauna.
Orain urtez beterik, Zuregana doaz nire begi-bihotzak,
haur txikiarenak amarengana bezala, Zuregan uste osoa dudala
,
zure besoen babes seguruaren bila.

Hau zoriona!
Zu zaitut alde,
Zu adiskide.


Zuk beteko dituzu nire begiak argiz, duintasunez eta pozez.
Maitasunez abestu nahi dizut eskerrak emanez,
eta Zu goraldu eta mundu guztiari aitortu:
ez dudala inor inoiz ezagutu Zu bezalako maitale sendo, leial
segururik, hain Aitarik!

Hau zoriona!
Zu zaitut alde,
Zu adiskide.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue