#
#

Salmo berriak: "BILAKETA - ADISKIDETASUNA"


Euskarri bila dabilenaren salmoa #
#
#

Entzun, arren, Jauna,
zure ontasunaren laguntza
eskatzen duenaren bihotzaren oihua;
zaude erne bihotzaren erditik doakizun
nire eskariaren oihura;
jarri zure belarria nire eskarira.

Zuregan nire uste ona,
eta begira bihotz-hondora,
benetan dei egiten dizu-ta.
Zuk, Jauna, zuzena maite duzu,
eta Zuri deika dagoenari adi zaude;
zure begiak nire bihotz-barrenera sartzen dira
eta nire bidea argitzen duzu.

Zuk aztertzen duzu nire bihotza;
Zu sartzen zera nire etxean eta bizitzan.
Ez da zuretzat ezer ezkutukorik
eta Zuretzat dena dago
eguerdiko eguzki argitan.

Zuk proban jartzen duzu nire bizia;
nire maitasuna eta leialtasuna
garbitzen dituzu urrea sutan bezala.
Nik diotsut, Jauna, gauza guztien gainetik
maite zaitudala bihotz osoz.

Zure Hitza bete dut
eta Zuk eskaintzen dizkidazun
aukerak sendotzen dute nire uste ona;
zure nahia betetzeko
arduraz nabil, ene Jainko
,
gauzaina egun argia
noiz ikusiko dagoen bezala.

Nire urratsak, Jauna,
Zuk jarritako bideetara moldatzen dira,
eta nire oinak, bideko neke eta guzti,
zure bide zidorretatik dabiltza,
nik maite ditut zure jokabideak.
Isur ezaidazu zure Espiritua,
zure aginduetan zintzoki iraun dezadan.

Makur ezaidazu belarri hori,
hurbil zakizkit, zure arnasa sentiarazteraino
Aditu nire eskariak, onartu nire hitzak,
zeuretzat har nazazu.

Eskuzabalez bedeinka nazazu,
oi Jainko ona, nire Salbatzaile;
eta emadazu lekutxo bat
zure bihotz errukitsuaren ondoan.

Ez nazazu utzi, Jauna,
nire bizitza amorruz
inguratzen dutenen eskuetan;
ez utzi inguratu nazaten,
nire izatea hondatu nahi dutenen kontura.

Nire aurka badatoz,
jar zaitez Zu nire alde, lagunik onena.
Ez egiezu utzi, Jauna,
beren begi zorrotzak nire bizitzan ezartzen,
lurrera botatzeko.

Ez egiezu utzi nire bizitzara hurbiltzen,
zure dohaina baita.
Arriskuren batek nire bizitzari eragiten badio,
esna bedi nire bihotza;
tentaldiak nire bihotzeko atean deitzen duenean,
Jauna, esna zaitez eta onik atera nazazu.

Jaiki zaitez, ene Jainko,
aurpegi emaiozu nire etsaiari
,
bota lurpera aulkitik handikiak.
Gaiztoari aurpegi emaiozu,
nire oinetara sarea botatzen ari baitira.

Zure aurpegia bilatzen dut, Jauna,
eta zure eskuen berotasunera hurbiltzen naiz;
Zurekin seguru egotera jotzen dut
eta zure ondoan ez dakidala txarrik gertatu;
zure Espirituaren indarra lagun,
zure Etxeruntz-bidean
indar eta adorea eman dezaizkidan.

Nire bihotza zure gose-egarri da;
zure presentziaz ase nazazu
.
Izan zaitez niretzat, Jauna,
niri egunero eusten didan EUSKARRI BIZIA,
eta emadazu zure Aita-bihotzez
maitatua sentitzearen segurtasuna.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue