#
#

Salmo berriak: "BIZIAREN JAINKOA"


Bihotz zintzoaren salmoa #
#
#

Jagi zaitez, Jauna,
nire ontasuna eta nire errukia,
eta hurbildu zaitez
gaur gure bihotzetara;
kendu gure begietatik zapia,
iluna besterik ez dute ikusten-eta,
eta bigundu gizon harroaren
eta zikoitzaren bihotza.

Agertu zaitez, Jauna,
su bizia bezala, lur gainean,
eta erakar itzazu gizonak Zuregana,
zure seme-alaba dira,
elkar ezagutu gabe bizi badira ere.

Esna zaitez, ene Jauna,
zutik jarri eta zatoz gureganantz,
Zu zera gizakiaren eta Historiaren Jauna.
Bizkor itzazu gizonen bihotzak
bekatuz zaurituak,
eta onar gaitzazu guztiok
anai-arreba bezala zure bizileku ederrean.

Ene Jainko, herri guztien Jauna, nazioen Jauna,
banatzen gaituen hormak bota itzazu,
ate eta leihoak zabaldu,
zure maitasun eta zuzentasun eguzkiak
lurbira osoa bildu dezan.

Ene Jainko, sor guregan
bihotz zuzena eta garbia,
guztien onaren bila dabilena, norkeririk gabe.
Ene Jainko, emaguzu bihotz garbia eta leiala,
bere buruaz ahaztu
eta besteekin arduratzen dena.

Emaguzu haragizko bihotza,
adiskidetasunera
eta elkarlaguntzara zabalik dagoena,
gizakiaren erraiak hondoraino
ezagutzen baitituzu.
Ene Jainko, Zu zuzena zera;
Zu santua zera, emaguzu bihotz leiala.

Izan zaitez Zu bihotz zuzenen salbatzaile.
Salba ezazu giza-bihotza
gezurraren ilunpetatik.
Salba ezazu giza-bihotza
harrokeri zaharraren gogorkeriatik;
salba ezazu giza-bihotza epelkeriatik
eta ganoragabekeriatik.

Ene Jainko, gure Jainko,
onar ezazu gure bihotz beldurtia,
mundu gaizto eta gezurtia indartsu egin baita.
Emaguzu grazi-indarra,
izan Zu probaldian gure babesleku,
eta gaiztoengandik zaindu gaitzazu.

Jauna, Zuk ongi ezagutzen duzu bekatuz kutsaturik
dagoen gure izate ahul eta erorkorra;
Zuk ongi ezagutzen duzu
gure atean deitzen digun tentaldiaren indarra;
Zuk ongi ezagutzen duzu gure bihotzaren huskeria,
krisialdiak jotzen gaituenean.
Zatoz, Jainko, Zuregana jotzen baitugu;
zatoz eta salba gaitzazu.

Aska gaitzazu eta inork ez dezala,
lehoiak bezala, gure bizitza zapuztu.
Barkatu, arren, zure egiatik
eta graziatik sarri aldendu izana.
Emaguzu barkamenerako
eta errukirako bihotz irekia,
eta ez gaitezela inoiz sentitu
beste inor baino hobeak.

Ez iezaguzu utzi, Jauna, zulora erortzen,
leize sakonean hondatzen;
ez utzi, arren, gure oinak heriotz-lakioan harrapatzen.

Eta zelaitu gure bidea, arnas-berri gaitzazu.
Hemen gaituzu, Jauna, behartsuak, apalak,
zure ama-esku bigun eta sendoen premian
dauden haurrak bezala.

Eskerrik beroenak Zuri, Jainko Jauna,
Historiaren eta gizonaren Jauna.
Eskerrak Zuri, zuzena, ona eta santua zarelako.
Ene Jainko, Jaun Ahalguztiduna,
diren eta bizi diren gauza guztien Jaun bakarra,
Zuregana dijoa gure bihotz zintzoaren erditik gure abestia.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue