#
#

Salmo berriak: "TOPAKETA - BOKAZIOA"


Uste onezko salmoa #
#
#

Jesus Jauna, biderako Argia zaitut,
Zu zera nik itxaro dudan Salbatzailea.
Nondik norakoak dira ezkutuko beldur hauek?
Noren beldur naiz, Jauna?
Bizitzea bidegurutze bat bezala da,
eta sarri noraezean aurkitzen naiz,
ez dakit nondik nora jo.
Zugan sinesten dut, Jesus Jauna,
Zu zera nire bizitzaren zaintzailea.
Nork ni ikaratu?

Ongi dakit Zuri jarraitzea bide latza dela.
Egon ere, zenbat gauza dauzkadan esku-eskuan!
Ziur nago, haien atzetik banoa,
irabazi nahi nuen askatasuna galtzeraino katigatuko nautela.
Hau ere badakit: Zuri jarraitzen badizut konfiantza osoz,
bideko trabak eroriko direla, udazkeneko orbelak bezala.

Datozela nire kontra gezurra eta gogorkeria,
atseginaren eragin gaiztoak;
nire bihotzak, Jauna, ez du beldurrik.
Han-hemen mila aukera eder eta erraz agertu arren,
nire bihotzak haien eskaintzetara itxita iraungo du,
Zugan lasai eta bakez bizi naiz-ta.

Gauza bat bakarrik eskatzen dizut, Jauna,
horrexen bila nabil ni:
Zurekin bat-bat eginda bizitzea,
Zu laguntzat zaitudala,
eta Zuk nirekin duzun adiskidetasun zintzoaz pozik bizitzea.
Tentaldian Zuk babestuko nauzu, aterkiak euritean bezala;
eta horrela harkaitz sendoaren gainean bezala sentituko naiz seguru.

Jesus Jauna, entzun iezadazu, arren, deika nagokizu-eta.
Erruki zakizkit; zure aurpegi-bila nabilkizu.
Nire bihotza ziur dago, Zuk maite nauzula,
eta nigan egon zaudela,
eta nire arazoak axola dizutela, lagun zintzo bati bezala.

Zure arpegi-bila nabilkizu:
ez iezadazu gorde zure aurpegia.
Ez nazazu bertan behera utzi,
Zu zera nire Salbatzailea-ta.
Emadazu, arren, ziurtasun hau:
ni aitak eta amak zapuztuko banindute ere,
Zu beti izango zaitudala nire ondoan.

Jauna, erakuts iezadazu zure bidea,
eraman nazazu bide zelaitik.
Beti lagun izango zaitudala uste dut.
Nik nahi dudana hauxe da:
zure Bizitzaz nire bizitzan gozatzea.

Zugan itxaroten dut, Jesus Jauna:
emaidazula bihotz adoretsua eta ausarta,
Zuri jarraitzeko.
Zu zera, ba, nire biderako argi,
eta oso-osoan fidatzen naizen Salbatzailea.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue