#
#

Salmo berriak: "TOPAKETA - BOKAZIOA"


Gurutziltzatuaren salmoa #
#
#

Ene Jainko! Ene Jainko!
Zergatik utzi nauzu eskutik?

Oihuka naukazu, eta Zu urruti sentitzen zaitut.
Oihuka naukazu, Jainko,
eta ez duzu hiztxo bat ere niretzat.
Gauez deika naukazu,
eta nire ahotsa durundi hutsean galtzen da.

Oihuka naukazu gogo beroz,
eta ez didazu ajolik egiten, ene Jainko!
Behin baino gehiagotan esan didate
Zuregan ustea jarri dutela
eta ez diezula huts egin.
Nik ez dakit horrelakorik ezer!
Konfiantza kontu hori niretzat hutsa da.

Dei eta dei egiten baino ez dakit, ene Jainko,
eta nire deiadar hutsarekin gelditzen naiz bakarrik.
Lurreko har bat sentitzen naiz, eta ez gizaki,
jendearen barregarri, askorentzat lotsagarri;
eta denak nire bizkarretik
irri eta barre egiten dutela iruditzen zait,
Zuregan uste osoa jarri dudala-ta, laguntza eske.

Zuk deitu ninduzun bizitzara,
zure eskuetan gorde ninduzun, ezer sentitu ez arren.
Zu zera nire Jainko.
Ez zaitez urruti gelditu, ene Jainko,
arriskua hur dago-ta, eta inor ez laguntzeko.
Indar gaiztoz inguratuta sentitzen naiz.

Bihotza argizari bezala daukat,
nire erraietan urturik.
Nire eztarria urgabeko lurra bezala daukat.
Nire mihi gaina aho-sabaiari erantsita.
Heriotz-hautsetan zapalduta sentitzen naiz.
Nire burua biluzik,
indarge eta hutsik ikusten dut.

Bere bizkarretik denak
barre egiten dien pailaso bat naiz
.
Zu, Jauna, nire indar zaitut, ez zakizkit urruti gelditu,
zatoz laster ni laguntzera.
Zaindu nire bizia,
nire bizi bakarra, eta salba ezazu.

Ikusi ez arren,
zure eskutik utzita sentituarren,
tentaldian bakarrik sentituarren,
zutik irauteko indarrik eduki ez arren,
niregan tentaldia ni baino indartsuago egin arren,
Zuk jarraituko duzu
nire uste osozko Jainko izaten
.
Amaren besoetan bere burua
uzten duen ahurra bezala izango naiz Zuretzat.

Eta denei iragarriko diet
Zu zarela errukia, errukarri honentzat,
Zu zarala bihozbera
deseginda daukadan nire bizitzarentzat,
Zu zarela nire Salbatzaile gaueko ilunpean.
Goresten zaitut, zure aurpegia ikusi ez arren.

Nire kautan diot:
Ez ezazu egundo adorea galdu!
Zure aurrean naukazu,
bizia eman didazun itxaroten.
Zure lagun izango nauzu eta jarraituko dizut,
zure leialtasunean nik uste osoa jarrita.

Zure eskuetatik biziberrituta aterako naiz,
eta nire bihotzari, arranoari bezala,
hegoak aterako zaizkio.
Eta nire askatasunean abestuko dizut:
atsekabearen erdian jo nuen Jaunarenagana,
eta Berak askatu ninduen.

Jauna, zu zera nire Jainko, Zu nire salbatzaile,
Zu zera gizonarengandik hurbil-hurbilekoa,
Jainko, Zu bere laguna.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue