#
#

Salmo berriak: "JAINKOAREN HITZA"


Zure Hitz bizigarria #
#
#

Jauna, zure Hitzak bizia ematen digu,
aurrera egiten lagundu,
ikasteko eta gogoetarako dugu,
estura aldian indar,
bereizteko eta erabakiak hartzeko
lagungarri dugu.

Zure Hitza,
zure aurpegia agertzen digun ispilua dugu.
Zu ezagutzeko, aurkitzeko,
barrutik maitatzeko
eta zurekin bat egiteko gogoa
sortzen digu.

Zure Hitza,
inguratzen gaituan mundura begiratzeko
leiho irekia dugu;
bizi dugun historiaren ezkutuak
argitzen dizkigun
lupa indartsua dugu,
zure bizitzako proposamenak
leialtasunez bizitzeko
bideak eta giltzak eskainiaz.

Zure Hitza,
bizi dugunaren
eta egin dugun gizarte honen aurrean
barrutik sortzen zaigun
zuzentasun eta bake egarria asetzeko
ur-putzu garbia dugu.

Zure Hitza,
hain gustura bizi garan epeltasunetik
ateratzen gaituan deiadarra dugu;
asteburuetan lasai entzutetik,
bizitzarekin lotzera eroaten gaituena.

Zure Hitza,
gure bizi egitasmoaren
oinarriak hartzeko
haitz gogorra dugu.

Zure Hitza,
lur egonkorra dugu.
Bertan bizi denak,
fruitu onak emango ditu:
bizi, samurtasun, erruki
eta askatasun fruituak.

Jauna, zure Hitzaren oihartzuna
zuzena eta sendoa da,
baina baita beroa eta pazientziaz betea.
Garbi gure gorreriak!
Presta gaitzazu aldatzeko.

Jauna, zure Hitza,
zure gogoaren arabera bizi denentzat
bizia da;
eta zoriontsu izango da,
bere biziaren egia aurkituko dualako.

Baina… zein zaila den koherentea izatea!
Iragartzen dugun Hitza bizi,
batzuetan besteentzat esaten duguna,
norberarentzat entzun;
norbera aldatzen hasi,
besteen aldaketa ikusteko.

Zure Hitza,
betiko arnasa, itxaropena eta deia dugu.

Jainko ona, jarrai hizketan,
egunero zuri entzun beharra dugu.
Jainko ona, jarrai hizketan,
aldatzen jarrai beharra dugu.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue