#
#

Salmo berriak: "GORESPENA"


Miragarritasun salmoa #
#
#

Jauna, gure Jauna,
bai miragarria zure izena lurbira osoan!

Abesten dizut handia zarelako.
Pozten naiz zure esku-lan harrigarriengatik.
Zure ontasuna ospatzen dut gizon guztiekin.
Ni zoriontsu sentitzen naiz, Zuk maite gaituzu-ta.

Umetxo batek bezala jasotzen ditut nire eskuak Zugana,
zure samurtasuna ukitu nahirik.
Umetxo batek bezala irekitzen ditut nire begiak Zugana,
zure argiaren eta zure edertasunaren bila.
Umetxoa bezala nire bihotza Zugan gozatzen da
eta txoria bezala aske sentitzen da.

Zure eskuen lana den ortzia ikustean,
eta goi urdinean galduta pozez gozatzen dudanean,
han ipini dituzun ilargi-izarrak ikustean,
eta zenbatu ezinez galtzen naizenean,
jakin-minez galdezka hasten naiz:
Zer ote da gizona, Zu hartaz oroitu zaitezen,
edota giza-semea, Zu hartaz ajola zaitezen?

Gure Jainko Jauna, zerua hain harrigarria bada,
eta ilargi eta izarrak neurtu ezinekoak;
ni zure eskuen lana naizen hau,
zure irudi eta antzera sortua naizen hau, zer ote naiz?
Zer ote naiz barrutik zure aurrean?

Jainko bat baino pixka txikiago egin nauzu,
eta gauza guztien buru ipini nauzu.
Den guztia nire eskuetan ipini duzu,
eta zure miragarri horiekin
ni zoriontsu izatea nahi duzu.
Ospez eta aintzaz koroatu nauzu,
zure maitasuna eta leialtasuna nire bihotzean isuriz.

Zure esku-lanen buru ipini nauzu,
dena nire oinpean jarri duzu.
Zuk egin nauzu, Jauna, gauzen jabe.
Nire eskuetan ipini dituzu zientzia eta teknika,
gizakiaren mesederako.
Nire anaiaren arduradun ipini nauzu,
laguntzat eman didazu, berarekin elkarbanatzeko,
denen lagun ikusi nahi nauzu.

Jauna, zein handia naizen zure begien aurrean!
Jauna zein handia den gizona zure begien aurrean!
Jauna, zein handia zaren Zu nire begien aurrean!

Zuk esan duzu gauza guztiak gureak direla,
gu zure Seme Jesusenak garela,
eta Jesusengan guztiak gera ZUREAK.

Aleluia! Jauna, gure Jainkoa!
Aleluia! Zuri aintza, handia zera-ta.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue