#
#

Salmo berriak: "BIZIAREN JAINKOA"


Bihotzetik bihotzerako salmoa #
#
#

Jainko, nire Jainko zaitut,
goizetik bilatzen zaitut.

Zure bila,
berriro bizira deitzen didazun horren bila.
Zure bila, nire bizia bizkortzen
eta birbizten didazun horren bila.

Zure bila, nire bihotza
argira zabaltzen duzun horren bila,
eta beti adi eta arretaz egotera
deitzen didazun horren bila.
Zure bila,
beti zeure aurrean pozik eta beterik
ikusi nahi nauzun horren bila.


Zure egarri naiz,
zure maitasunaren eta leialtasunaren egarri.

Zure egarri naiz,
zure bakearen eta barkamenaren egarri.
Zure egarri naiz,
zure garbitasunaren eta alaitasunaren egarri.

Zure egarri naiz,
zure sendotasunaren eta ontasunaren egarri.
Nire haragia, ni naizen osoa zure irrikaz dago,
lur lehor, egarri, ur-gabearen antzera.

Ni oso-osoan zabaltzen naiz zure graziara,
goiz garoaren zain.

Nire biziak indar guztiz joten du Zuganantz,
azkengabeko zure biziaren egarriz.
Nire bihotza nire barruan pozik daukat,
zure indarra eta aintza niregan sumatuz.

Zu zera nire biziaren arrazoibidea;
zure Biziak betetzen du zentzuz
nire izate osoa.
Zure maitasuna bizia baino hobea da.

Zure adiskidetasuna,
irabazpide guztiak baino areago.
Zure aurrean egoteaz asebete nahi dut.
Zutaz gogoratzen naiz ohe gainean.
Zu zaitut gauez ohe-ondoan esna.

Gau isilean esnatzen naizenaz batera,
nire bihotzak beragan bizirik aurkitzen zaitu.
Zure hegoen itzalean alai abesten dut.

Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
zure maitasunak eutsita nago.

Nire bihotza Zurekin
poz betean dago, ene Jainko,
nire biziaren Jabe Zu baitzara.
Nire bihotza Zurekin
poz betean dago, ene Jainko,
zure Bizia nirea ere bada-ta.

Ene Jainko, Zugatik nago beti erne,
Zugatik nago zutik, zain,
Zugatik jaikitzen naiz,
nire bizia ilunpetan erori bezain laster.

Zugatik hasten naiz beti berriren berri,
nekatuta sentitzen banaiz ere.
Ene Jainko,
Zu zera nire Jainko: Jainko Bizia!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue