#
#

Salmo berriak: "BIZIAREN JAINKOA"


Jauna gure itxaropen #
#
#

1

Maiteko zaitut, ene Jaungoiko,
Zu zera nire indarra;
Zu nire harkaitz, nire gaztelu,
laguntzaile txit azkarra.
Zu beti nire borrokaldian
ezkutu-leku bakarra;
bihotz makala bizkortzen duen
goi-espiritu sugarra.


2

Arriskuetan itxaropenez
deitzen diot nik Jaunari:
Berak erantzun ere bai laster
nire bihotz-aihotsari.
Goiko jauretxe zoragarrian
han dago begi-belarri,
gure nahigabe guztien jabe,
gau t’egun nire zaindari.


3

Ordu larrian nire etsaiak
gogor jo nindutenean,
laster zen nire Goi-goiko Jauna
ni laguntzen aldamenean.
Hainbeste maite ninduelako
beti bere bihotzean,
onez atera eta jarri ninduen
zelai eder zabalean.


4

Leialarekin leiala zera
zintzoarekin zintzoa,
maltzurrarentzat zuzena eta
aukeratuen Jainkoa.
Herri apalei gogoz ematen
diezu salbazioa,
baita makur erazi ere ongi
lur jotzeraino harroa.


5

Zu zaitut, Jauna, argizuzia,
ilunpetan dizdizari,
Zugan uste on dudala, ekin
ohi diot nik borrokari.
Zure besoak ateratzen nau
guztietan garailari,
beldurrik gabe erasotzean
betiko gaizkileari.


6

Bikainak eta jatorrak dira
Jaungoikoaren bideak,
okerterazi ezin dituenak
gizonen huts-egiteak.
Laguntza eske datorrenari
arinduz bizi-nekeak,
atseden-toki eskaintzen dizkio
beti bere hegopeak.


7

Borrokarako bete ninduzun
ausardiaz eta indarrez,
makurtu ziren nire lepotik
lasai zebiltzanak parrez.
Denak ihesi joan beharra
izan zuten derrigorrez,
leize-zuloan ezkutatzera
atsekabez eta negarrez.


8

Gora Jainkoa! Bedeinkatua
dadila goi-goienetan,
nire Jaungoiko Salbatzailea
nire harkaitza benetan.
Bera izan dut laguntzailea
larrialdi guztietan,
herriak menpe jarri zizkidan
loturik nire oinetan.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue