#
#

Salmo berriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Utzitasunezko salmoa #
#
#

Ene Jainko, ene Jainko,
zergatik utzi nauzu eskutik?

Nik Zuri dei egin, eta Zuk ez entzun.
Nik Zuri dei egin
eta Zuk ez duzu hitzik niretzat.

Gauez deitzen dizut, eta nire dei-hotsa
durundi-hutsean galtzen da.
Nik Zuri dei egin,
eta Zuk axolarik ez, ene Jainko!


Esaten dutenez,
Zuregan ustea jartzen duena
Zuk salbatzen omen duzu.

Askok gogoratzen didate:
Zuri deiadar egin, eta aske uzten zenituela.
Errepikatzen didate, Zuregan ustea jarri zutela
eta Zuk ez zeniela inoiz huts egin.

Nik ez dakit horrelakorik ezer!
Konfiantza zer denik ere ez dut ulertzen.
Deiadar egiten baizik,
besterik ez dakit, ene Jainko,

eta deiadar hutsean gelditzen naiz bakarrik.

Ni har bat sentitzen naiz, ez gizaki;
gizonen lotsakizun, eta askorentzat higuingarri;
eta bihotzak diost nitaz irri eta barre egiten dutela,
Zuregana jotzen dudalako, Zuk salbatuko nauzulakoan.

Zuk atera nauzu onik bizira,
zure esku-barruan gorde nintuzun,

Zu nire Jainko zera, ezer sentitzen ez badut ere.
Ez egon urruti niregandik, ene Jainko,
arriskua hurbil daukat, eta inor ez laguntzeko.
Indarkeriazko haize zakarrak inguratzen nau.

Sastegian botatzen den ur zikin galdua bezala naiz.
Argizaria bezala bihurtu zait bihotza,
nire erraietan urtzen dijoalarik.
Teila zaharra bezain lehor daukat bihotza,
ur gabeko lur takarra bezala.

Heriotz-hautsetan zapaldua sentitzen naiz.
Nire burua biluzik, hutsik eta indarge sentitzen dut.
Guztien barregarri bihurtu den txotxongilo bat naiz.

Zu, ordea, Jauna, nire indar, ez egon urruti;
zatoz azkar laguntzera.

Begira nire bizia, nire bizi bakarra eta salba ezazu.
Ikusten ez bazaitut ere,
bertan behera utzita sentitzen banaz ere,
arriskuaren aurrean bakarrik sentitzen banaz ere,
tentaldiak nigan indartsu irauten badu ere.

Zuk nire Jainko izaten jarraituko duzu,
Zugan nire uste osoa.
Ni, bere amaren besoetan lasai sentitzen den
umetxoa lez izango naiz.

Eta hau izango da nire aitormena
jende guztiaren aurrean:
alperrik galdutako nire bizitzarentzat
Zu izan zarela erruki hutsa,
Zu nire salbatzaile gau ilunean.

Bedeinkatzen zaitut, zure aurpegia ikusi ez arren.
Nik neure kautan diot: ez galdu inoiz adorea!
Zure aurrean nago, bizia eman didazun zain.
Zure lagun izango naiz
eta zure leialtasunean fidatzen jarraituko dut.

Jauna, Zu zara nire Jainko, Zu zara nire salbatzaile,
Zu zara gizonaren hur-hurreko laguna.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue