#
#

Salmo berriak: "DEIA - JARRAIPENA"


Bizitzaren aurrean bihotz gazte baten salmoa #
#
#

Deika nabilkizu, Jauna, zatoz laster eta lagun nazazu.
Zuri deika nabil, entzun nazazu; behar zaitut.
Nire otoitzak zure bihotza ukitu dezala;
nire eskuak goratzerakoan, nire larrialdia ikus dezazula.

Tentaldian erortzeko beldurra daukat;
ez nago sendo eta ezbaian sentitzen naiz;
bizitzen ikasten eta beldurrak nagusitzen zaizkit;
nire bihotz gaztearen sarreran zaintzaile bat jar ezazu.

Nire bihotz hauskorra ez daitela txarrera bideratu;
ez egizu zarata artean galtzen utzi;
zuzen egizu nire bihotz itsuaren norabidea;
ez utzi munduko sareak eta haren kantu ederrak lotu nazaten.

Jauna, nire aurrean dut okerreko bidea bere eskaintza guztiekin;
nire begien aurrean, proposamen erakargarrienak;
eta gainera gogaitze, aspertze, gogorik eza
eta arduragabekeria, dena batera,
bere sare artean irensteko prest.

Jauna, nire bihotz gaztea, zabaldu egizu benetako mundu ederrera;
emadazu nire begiek behar duten argia;
askatasunez eta pozez hegan egiteko hegoak behar ditut;
inoiz bukatzen ez den jaiaren oihartzuna behar du nire bihotzak.

Nire bihotz gazteak, kontsumismoari ezetza ematen jakin dezala;
bila dabilen nire espirituak, norberekeria errazari ezetza esaten jakin dezala;
nire arima gazteak jakin dezala ezetza esaten sasi-laguntzen aurrean;
bizi den ni honek, bazter ditzala heriotza bideak.

Askea izan nahi dut eta askatasun hori zure Ebanjelioaz eraiki.
Askea izan nahi dut eta neu izan.
Askea izan nahi dut eta utopia aske eduki.
Askea izan nahi dut eta zure Piztueraren esperientzia bizi.

Ahul sentitzen naiz: ez dut bizitzeko arrazoi handirik.
Ahul sentitzen naiz: datorrena onartuz bizi naiz.
Ahul sentitzen naiz: nire bizitza gaztean ez dago ziurtasunik.
Ahul sentitzen naiz: biziko ez banintz lez bizi naiz.

Jesus Jauna, sendotu nire bizitza zure maitasun Espirituarekin.
Jesus Jauna, argitu nire bizitza zure Egiaren Espirituarekin.
Jesus Jauna, bizkortu nazazu zure sendotasun Espirituarekin.
Jesus Jauna, askatu nazazu zure askatasun Espirituarekin.

Hemen nago, Jauna, eta bizitza benetan hartu nahi dut.
Hemen nago, Jauna, nire borondatea gainditzeko gogoarekin.
Hemen nago, Jauna, zurekin ez dut ezeren beldurrik.
Hemen nago, Jauna, eta zure laguntza behar dut aurrera egiteko.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue