#
#

Salmo berriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Jakinturiaren kantika #
#
#

Gurasoen Aita eta errukiaren Jauna,
zure hitzarekin gauza guztiak egin zenituen,
eta zure jakiturian gizakia eratu,
Jainkoaren seme-alaba izateko,
Hitza onartzeko eta Hitzari bizia emateko.

Emaguzu JAKITURIAREN DOHAINA,
gauza onak eta ederrak aukeratzeko dohaina,
bereiztu, gozatu eta atsegingarri izateko.

Zurekin bat egitea errazten duen dohaina
emaguzu, Jainko Aita-Ama ona;
anai-arreben artean senidetasuna
eta hurbiltasuna bilatzen laguntzen duena,
Espirituaren argira hurreratzen gaituana,
zure presentziaz gozatzeko,
zure indar sortzaileak egindako
naturaren edertasuna miresteko,
eta biziaren dohain zoragarria estimatu,
gauden lekuan bizi-bide duinak sortuz.

Zurekin dago jakituria, zure ekintzak ezagutzen ditu,
munduaren sorreran zurekin egoen,
eta orain guregan, gure artean dago,
onbideratu eta bihotza aldatzen diguna.
Zuri atsegin zaizuna ezagutzeko argitu gaitzazu,
eta gauza guztien, egoeren eta pertsonen bihotzera heldu gaitezela.

Inguruan dugunarekin harritzeko argia emaguzu;
batzuk giza eskuen ondorena ikusten duten lekuan,
zure maitasunaren ekintza ikusi dezagula;
Jainko Jauna, bizitzako bideak zure begiekin ikusi,
-eta barrutik-,
bizi horren zerbitzari izatera konbidatzen gaituen deia entzun.

Hurbiltzen zaigunak
bere ilusioak edo gogo-faltak agertzen dizkigunean,
entzun diezaiogun eta berarekin bat egin,
bidali zure jakituria.
Anai-arreba lez bizi,
eta elkarrekin zure bideak aurkitu ditzagun,
bidali zure jakituria.

Berak ezagutu eta ulertzen du dena,
adorez, indarrez eta irmotasunez betetzen gaitu.
Gure makalaldian indarra dugu,
bake eta zuzentasun bidean konprometitzeko,
eta zuk, gure Jainko horrek, amesten duzun
mundu barri baten alde jokatzeko.
JAKITURIA horrek behartsuengana hurbilduko gaitu
eta negarrez daudenekin bat egitera.

Gure elkartea egiteko behar dugu;
bizi garan lekuan
bakearen erreminta eta anaitasun legami
izan gaitezen.
Berak sendotuko ditu gure promes eta itxaropenak,
Jainkoaren maitasuna,
-gure bihotzetan isuria-,
gure munduaren onerako,
gure barruan egunero hasten joan dadin.

Ase gaitzazu, Jainko Aita-Ama ona,
zure JAKITURIAZKO DOHAINAREKIN.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue