#
#

Salmo berriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Nire pobretasunetik hemen nauzu, Jauna #
#
#

Hemen nauzu, Jauna,
askatasun bila, baina nire gauzei lotuta;
erabat beteta, baina zure faltan;
zure deia entzuten, baina ez-entzuna egiten.

Jesus Jauna, zure presentzia bizitzerakoan,
zerbaitek zuri jarraitzea eskatzen dit;
zugatik bizia ematera deitzen didan
indar ikaragarria sentitzen dut.
Dena dela, Jesus Jauna,
bizitza honetako gauza askori lotuta jarraitzen dut.

Anai-arreben beharrizanak ahaztera eramaten nauen diruari,
lotuta nago;
konpromisoaren zentzutik aldentzen nauen
erosotasunari lotuta nago;
geroago eta gehiago neugan ixten nauen
norberekeriari lotuta nago;
besteak baino hobea egiten nauen
harrokeriari lotuta nago.

Zugandik aldentzen nauten gauza asko gustuko ditut,
eta ni, Jauna, kikildurik,
ez dudalako ikusten benetako zoriontasuna emango didazunik,
ezetza ematen dizut.

Nire barruan borroka latza dago.
Batetik, leialtasunetik aldentzen nauan guztia utzi gura dut;
baina munduko gauzak uzteak beldurtzen nau.
Bihurtu beharrean aurkitzen naiz.

Hainbeste loturetatik askatzeko,
indartuko nauen zerbait bilatu behar dut;
munduko hatzaparretatik aterako nauen zerbait;
bizitzeko era honetatik irteten lagunduko didan zerbait.
Erdizka bizitzeak ez du merezi;
nire barruan borroka dagoen bitartean
ez dut izango zuk bakarrik ematen duzun bakea.

Jauna, ireki nire begiak;
osatu nire itsutasuna, ikus zaitzadan.
Jauna, ukitu nire bihotza,
eta sartu, nirekin egoteko.

Jauna, espiritu eskuzabala emadazu;
zure borondatea entzutean, bai esan nahi dut.
Jauna, sartu nire bihotzean;
kezka eta obsesio guztiak baztertu itzazu,
nire denbora zati bat zuri bakarrik, nire Jainkoa,
eskaini ahal dagitzadan.

Jausi barik zuri jarraitzeko emadazu sendotasuna;
bideari ekiteko emadazu borondatea;
atzerantz ez begiratzeko emadazu irmotasuna;
nire bizitzan sentitzea eta esperimentatzea emadazu,
zu, Jesus Jauna, nire bihotzean bizi zaranean
dena errazago gertatzen zaidalako,
eta edozer, neketsua irudi arren,
errazago eta eramangarriago egiten delako.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue