#
#

Salmo berriak: "BIZIAREN JAINKOA"


Nagusi den Jauna dut indarra #
#
#

1
Ikusten duzu, Jauna,
nire egoera,
aurrera beharrean
noa goitik behera.
Nire amets guztiak
hor doaz hutsera;
baina Zu zatoz beti
niri laguntzera
eta aurrera noa
zure esanera.


2
Nire bizitzan izan
da neke ta lana,
eta ahal den ongien
jokatzen afana.
Zertarako izan da
nik egin dudana?
Maitasuna izan da
indartu nauana,
hau da zure aurrean
balio duana.


3
Zuk dakizu ongien
nire ahalegina,
ahalegin eta guzti
burutu ezina...
Zuri aitortzen dizut
ezinaren mina,
gehien neurtzen duzuna
ez da etekina;
maitasunean duzu
zure atsegina.


4
Zeru-lurrak sortu ta
egin dituzuna,
aingeru ta gizonen
zoriontasuna.
Zure eskuan dago
nire ondasuna,
eta Zugan bakarrik
nire etorkizuna;
Zu ez al zera nire
aberastasuna?


5
Denak oker irtenda
sarri nabil bero,
baina Zugana jota
pozik nago gero.
Hau ongi ikasi dut
eta harrezkero,
nahita kontuak irten
dozenerdi zero,
miloi da zuk aurretik
bat jarri ezkero.


6
Nekez ta asko erein
eta gutxi batu,
hala ere ez naiz, Jauna,
alperrik nekatu.
Zuk betiko legea
ez duzu aldatu:
Zenbat zaitugun Zu ta
hurkoa maitatu,
Zurekin pozik, Jauna,
egin daiteket tratu.


7
Ez da fidagarria
lortu dudan nota,
falta zaiona, Jauna,
Zuk gainera bota.
Nereari begira
jartzen banaiz jota,
Zuk ipintzen didazu
bihotza jasota;
nire uste osoa
Zuregan dago ta.


8
Zu Aita zaitudala
nork dit jakin arazi?
Jesukristok esanda
bihotzean jaso.
Gu seme-alaba ta
Zu gure guraso,
gu galtzea litzake
Zuretzat frakaso;
Zu gure sorburu ta
zorion-itsaso.


9
Zuk sortu duzu nigan
zure egarria,
Zeu izanik aseko
nauen iturria.
Zuganako joera
nigan ezarria,
bego sendo bizirik
maite-lokarria,
Zurekin bat eginik,
Jaun maitagarria.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue