#
#

Salmo berriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Apal txikiaren salmoa #
#
#

Zenbat aldiz, Jauna, eman dizudan
zintzotasun-hitza erabaki eta guzti!
Eta zenbat aldiz utzi dudan
dena hitz hutsetan!
Gaur zure aurrera natorkizu, Jauna,
eta aurrera egin nahi dut bidean.
Bai, Jauna, hitz gutxiago,
isildu eta ekin lanari.

Sarri askotan, Jauna, nire bihotzak,
berotu eta kontrola galtzen du;
eta galga gastatu zaion beribila bezala naiz,
norabidea galdu eta bazterrak jotzen.

Jauna, erakuts iezadazu
nire bide guztien azken muga;
ezarri nire bihotzean
zein den nire egunen neurria.
Isuri eskale honen gainera zure argia,
bizi dudan gaurko
egunaren huskeria ikus dezadan,
eta bila dezadan zure begiradaren argitan
segurtasuna eta salbamena.

Nik jakin badakit, Jauna,
nire bihotza zein hauskorra den.
Nik jakin badakit, Jauna,
nire bizitza zure aurrean
haizeak daraman hautsa dela.
Nik jakin badakit, Jauna,
eguzkitan une bateko itzal arina
besterik ez naizela.

Nik jakin badakit, Jauna, munduko gauzak,
dirua eta abar, nire eskuan hutsa direla.
Nik jakin badakit, Jauna, nire bizitza,
Zu gabe, sustrai gabeko zuhaitza dela,
urez betetzen izan duen iturburua
agortu zaion errekasto bat.

Jauna, zer itxaro dezaket nire bizitzatik,
Zu Zeu ez bazara nire bizitza?
Zuregan dago nire itxaropena;
zure eskuetatik itxaroten dut
eguneroko erantzuna.

Ez egidazu axolarik egin,
ero edo zentzugabe nagoenean, Jauna;
nire eroaldietan
izan pazientzia nirekin, Jauna;
errukiz eraman nire bihurrikeriak;
ez dakit zer egin geratzen zaidan bizitzarekin,
nola jokatu azkenera arte.

Jauna, eutsi nazazu,
izan bihotz-bigun nirekin;
nire egintzetan tolerantziaz har nazazu;
nire adinaren pisuak ez nazala
naizen baino ahulago egin.

Lagun iezadazu, Jauna!
Ulertarazi iezadazu sufrimenduak,
tentaldiak eta probaldiak
bizitzako etengabeko Gurutzebidea direla,
Zuk hartu eta eraman zenuen bezala.
Haur makal naiz,
ondoan amarik gabe, laguntzarik gabe.
Izan zakizkit Zu, Jauna,
bizitzako indar nire ahulaldian.

Hara, eltzegile horren eskuetan
buztin-orea bezala naiz;
zure bizilekuko teilatu ertzean
habia egiten duen kurloia bezala naiz.
Ipini nahi dut nire bizitzako apurra
zure bihotzeko lurrean hazitxo bat bezala,
pixkana-pixkana Zeuk hazi erazi dezazun.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue