#
#

Salmo berriak: "BIZIAREN JAINKOA"


Jainko, nire Jainko zaitut #
#
#

Egarriz noa,
deika noa.
noiz ikusiko,
noiz Jainkoa
.

Jainko, nire Jainko zaitut,
goizetik zure bila nabil.
Zuregatik itzultzen naiz bizitzara,
zutik jartzen nauzu, arnasa ematen didazu.

Zuregatik irekitzen ditut leihoak;
Zuregatik atera naiz argira, egun berrira,
munduko martxa berrian sartu naiz.
Eta Zuregan eta munduan sartzeko prestatzen naiz,
zure dohain den bizia Zuregandik xurrupatuz.

Ene Jainko, Zu zera nire Jainko,
nire gogoa zure egarri da,
Zuregatik naiz bizi-egarri,
zure egarri arnasaldi bakoitzean,
egarriz arrakalaturik dagoen lur errea bezala.

Egarriz noa,
deika noa.
noiz ikusiko,
noiz Jainkoa
.

Pozez liluraturik naukazu begira
zure jauretxe santuan,
zure aintza eta indarra ikusi nahian.
Itsasoa bare nahiz harro, zure ispilu da;
zugaztietan zure arrasto-bila,
zure bihotz-taupadak sumatzen.

Nire bizi guztian bedeinkatuko zaitut, Jauna,
nire eskuak jasoz laguntza-eske.
Zure ondoan egonez aseko nauzu, Jauna,
eztei oparo gozoenean baino areago.
Ezpain-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.

Egarriz noa,
deika noa.
noiz ikusiko,
noiz Jainkoa
.

Zein pozik gogoratzen zaitudan ohe-gainean!
Bai mendian, bai hirian,
bai arratsaldean, berdin atsekabean,
eta zure irudi den gizakiaren aurpegian,
eta argian eta bidaietan,
eta iluntasunean eta jai-igandetan,
eta gau beranduan esnatzean,
beti eta beti...

Beti zaitut gogoan,
beti zaitut aurrez-aurre niregan,
ukitu, entzun nahiz ikusten dudan guztian.
Noiznahi eta nonahi.
Zu izan zera beti nire laguntza, ene Jainko,
eta zure hegoen gerizpean aintzarik gozoena.

Egarriz noa,
deika noa.
noiz ikusiko,
noiz Jainkoa
.

Nire arnasa Zuregana dijoa
eta zure eskuinak eusten dit.
Zuk ematen didazu arnasa eta jasotzen nauzu.
Zuk eusten didazu eta zuretzat hartzen nauzu.

Egarriz noa,
deika noa.
noiz ikusiko,
noiz Jainkoa
.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue