#
#

Salmo berriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Bihotz zauritu baten salmoa #
#
#

Jauna, izan pazientzia nirekin,
onartu nire ahultasuna;
itxaro, nire bihotza aldatu eta bihurtu dadin.
Mila arazo daramazkit bihotzean,
arantza zorrotzak bezala josita,
eta gurutze astuna erori zait gainera,
burua makurtzeraino.

Nire bihotza zikin dago
eta ez naiz garbi ikusten;
bekatua nire buruaz bat eginda dago
eta ez daukat askatasunik.

Bekatu egin dut, Jauna,
eta nire errua zama astun egin zait,
ez dit uzten arnasa hartzen ere
eta bizipoza kentzen dit.

Zaurituta sentitzen naiz, indarrik gabe,
nire bihotz ahul honen zorakeriengatik.
Zimurtuta, makurtuta,
zehatz hondatuta, Jauna,
egun osoan burumakur
eta saminez, irteerarik gabe.

Hau da hartu dudan itxura itsusia, lotsagarria!
Nere buruari begira,
ez dut ataltxo bat ere osorik aurkitzen niregan.
Eta inondik laguntzarik ez,
adorerik ez, makilaz mailaturik bezala,
eta nire bihotza odoletan, amorruz irakitzen.

Hala eta guztiz ere,
nire begiak zuregan aurkitu nahi dute erantzuna;
eta nire arazo eta sufrimenduak eraginik,
Zuregana jasotzen dut nire oihua.
Bihotza triki-traka ahulean,
indarrak alde egin didate,
eta begien argia eta poza galdu dut.

Nire lagunak, nire etxekoak, betikoak, Jauna,
gero eta urrutiago sentitzen ditut,
aldenduta, nire gauean galduta.
Hona hemen gaur, Jauna,
guztiz minberatuta denagatik.
Arrazoirik ez, baina niretzat gaur dena da arazo,
eta ezin naiz bizi ere zerbaiten min edo kezkarik gabe.

Gor bat ematen dut sarri, Jauna,
mutu baten antzeko naiz, Jauna,
eta ez diot inori ezeren konturik ematen.
Maite nautenen hitzak urruti sentitzen ditut,
eta berdin zait beltz nahiz zuri izan.
Hau bizitza al da?

Hau eta guztiz ere, hemen nago, Jauna,
beti bezala, Zuri itxaroten;
Zu zaitut, nire bizitzan,
erantzunik ez daukaten arazoen erantzuna.
Barkatu nire bekatua;
askatu, arren, lotzen nauten lokarriak.
Zuk ulertzen didazula
senti dezadala, Jainko ona,
eta ez nadila “martiri” sentitu nire lagunen erdian.

Nire bihotza zaurituta dago, Jauna, apurtuta dago.
Pozik bizi nahi, eta kontrakoak gehiago egin.
Ene Jauna, hurbildu zaitez hezur kolokatuetara,
eta ez zaitez urruti gelditu,
ezer ardura ez dion baten antzera.

Jauna, zatoz laster laguntzera;
luzatu arin zure eskua,
Zu zera, ba, nire salbamen-Jainkoa,
nire itxaropen-Jainkoa.
Zure maitasun-Espirituak
osa ditzala nire zauriak.
Zure bizi-Espirituak osa gaitzala.
Biziberri dezala
nire bihotz nekatu eta hotza.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue