#
#

Salmo berriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Itxaroten ikasteko salmoa #
#
#

Jauna, sarri ez dut argi ikusten,
gaiztakeriak gehiago egiten ote didan.
Jauna, joko zikin eta okerkeriaz
inguraturik sentitzen naiz.
Begi-bistan ikusten dut indartsuaren legea,
basapiztien artean bezala.

Eta behin baino gehiagotan
dena goitik behera dijoala iruditzen zait.
Zuk, ordea, diostazu:
gaiztakeria lasto iharra bezala bertan behera galtzen dela,
okerra belar sikua bezala ihartu egiten dela.
Hau zure Hitza da.

Nik, Jauna, Zuregan dut uste on,
eta onaren alde jokatzekotan nago;
lurrean bizia ematen bizi nahi dut,
eta bakegile bezala hazi;
Zuregan jartzen ditut nire bizitzako ardura nagusiak
eta seguru nago, Jauna,
nire bihotza Zuk asebeteko duzula.

Nire zoria zure eskuetan dago, Jauna,
eta ez joko aldrebesean,
zure zuzentasunaz
zuzenduko nauzulakoan nago;
ziur nago, zure legeak zuzenduko duela
beti nire bidea.

Ni bakean bizi naiz, zure ondoan, Jauna,
eta Zuregan dut uste on;
nire bihotza ez dadila nahastu
gezurrez gorantz egiten dutenekin.
Ziur nago,
eramanpenez biziaren jabe egingo naizela.

Ziur nago, Jauna,
txiki apalak lurraz jabetuko direla,
eta anai-arreba bezala,
bake handiz biziko direla.
Hala da zure Hitza.
Jauna, gizon zuzena,
lagun gaiztoz inguraturik badago ere,
Zuk ondo dakizu, Jauna,
txarrari onak egin diola gehiago.

Ez utzi, arren, Jauna, errukarria eta behartsua
indartsuen ostikopean;
ez utzi, Jauna, jokabide zuzeneko gizona hondatzen.
Zuk eusten diezu goian
Zuregan itxaroten dutenen beso nekatuei,

zapaltzailearen asmoak lurjotzen dijoazen bitartean.

Zuk ezagutzen duzu, Jauna,
gizon zuzen eta zintzoaren bihotza,
eta zure ondoan atontzen diozu
ondasuna betiko mahaian,
Zu egongo zera
behartsuaren ondoan zoritxar aldian
.
Eta urritasunean,
Zuk beteko dizkiozu eskuak ondasunez.

Jauna, Zuk bedeinkatzen dituzu bizitzan
Zurekin kontatzen dutenak,

eta Zuregana hurbiltzen ez direnei ere
itxaron egiten diezu,
beren bihotz gogor eta itsuak
bigundu eta bihurtu daitezen.

Zuk gidatzen dituzu gizonaren pausoak, Jauna,
une guztietan beso sendoz;
eta gizona erortzean,
Zuk luzatzen diozu esku salbatzailea.

Jauna, nire bihotzak txarretik
alde egin dezala eta on egin;
Zure ondoan jarrai dezala
eta beti zure lagunen aldrakoa izan dadila.

Jauna, nik Zuregan itxaroten dut
eta zure bideko legea betetzen;
ni zure ondasunen zain naukazu,
Zuk esan duzunez;
gizon gaiztoa deslai eta harro badabil ere, Jauna,
gaueko ekaitzak zuhaitza bezala,
jota behera botako dute.

Emadazu bihotz oso bat,
bihotz gozo eta apal bat,

eta anai-arreben erdian
beti bake-gizon izan nadin.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue