#
#

Salmo berriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Larrialdi baterako salmoa #
#
#

Zugana, Jauna, babes bila nator;
har nazazu zure beso-artean.
Ez nazazu bakarrik utzi,
lotsaz eta beldurrez dardar nago-ta:
esku emadazu.

Izan zakizkit gordeleku sendo,
nire gaztelu seguru.
Gida nazazu, zuzendu nire pausoak,
noraezean galduta nabil-eta.
Inguruan zabaldu didaten saretik aska nazazu,
bertan harrapatu nahi naute-ta.

Zure eskuetan uzten dut nire bizia,
nire bizitza zapuztuta, birrinduta.
Erreskata nazazu, Jauna,
istilu gorrian nago-ta,
galduta sentitzen naiz-ta.

Egiaren Jainko zaren Horrek,
emadazu argi pixka bat, zuzendu nadin.
Zuk badakizu nire egoera larriaren berri,
eta ezagutu duzu nire bihotzaren itolarria,
aska nazazu, zatoz azkar, atera nazazu arriskutik.

Erruki zaitez nitaz, Jauna; zatoz ondora,
nirekin batera negar egitera;
egon ere, deseginda nago,
eta nire arima larri ere larri dago.
Gogait eraginda, begiak gorri dauzkat;
gogorik ezaz jota nago.

Nire barruak kiribilduta dauzkat,
eta ez dakit nola atera estualdi honetatik.
Zapalduta sentitzen naiz,
baztertuta aurkitzen naiz;
eta inori ere ez dio axola.

Ni niretzat galdua naiz,
eta nire buruak higuin ematen dit.
Lagunak neuzkalakoan, eta orain, Jauna,
Zu bakarrik gelditzen zakizkit.

Edota nire arazoetatik ihes egiten dut
edozelako bide galduetatik.
Zaborra sentitzen naiz,
bazterrera botatzen den
gauzaeztan tresna bat
.

Baina Zugan dut uste on, Jauna,
Zu zarelako nire Jainko, eta nik maite zaitut;
nire badaezpadako etorkizuna
zure eskuetan ipintzen dut,
aska nazazu, zabal iezadazu bidea.

Argitu nire aurpegia
zure samurtasunaz eta errukiaren argiz,
eta biziberri nazazu zure maitasunez.

Ene Jainko, nire larrialdian Zurekin kontatzen dut;
ez zaidazu huts egin, maite zaitut-eta.
Ene Jainko, Zu beste bat zera eta horrela maite nauzu,
oraintxe nagoen moduan desegina.

Zein handia den zure ontasuna, Jauna!
Zein harrigarria zure samurtasuna!
Niretzat gorde duzu zure salbamena
eta oparitzat ematen didazu,
zure barkamena eskaintzen didazu.

Ni pozaren pozez lehertu egiten naiz
zure barkamenaren ziurtasunez;
berriro sentitzen naiz zure seme-alaba,
zure etxera sartzen eta jaialdian parte hartzen.

Bedeinkatua Zu, Jauna,
maitasunaren eta errukiaren Jainko,
larrialdietan nire laguntza bakarra;
bedeinkatua Zu, Jauna,
beste inor baino leialago
,
zure azkengabeko maitasunean zintzo.

Zure harrigarrizko maitasunez bete nauzu:
Bedeinkatua Zu!
Zure begi garbiz begiratu nauzu:
Bedeinkatua Zu!

Sendotu, arren, gure bihotz ahula, Jauna,
eta zure santutasunean izan dezadala uste on.
Eskerrak Zuri, Jauna, arnas berriz bete nauzulako
eta pozik sentitzen naizelako.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue