#
#

Salmo berriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Fede sendoko bihotzaren salmoa #
#
#

Zu zera, Jauna, nire argi eta salbamen;
Zu nirekin zaude.
Nire oinentzat argia zera,
noren beldur izan naiteke?
Zu zera nire bizitzaren gordeleku,
norgatik ikaratu?

Zuregan nire uste osoa
eta zure eskuetan nire bizitza
;
Zurekin banago, nire bihotza sendo
eta adoretsu sentitzen da;
nire argia zera, nire salbamena zera,
nire babeslekua zera.

Ez naiz ezeren beldur,
nire etsaiak nire aurka joarren;
Zu nirekin zaude; nire argi eta salbamen,
nire gordelekua Zu zera,
eta zure aurrean seguru nago;
haiek oztopo eginda erortzen dira.
Nork jarriko nau dardaraz, Jauna?
Zu zaude nirekin.

Guda gogorra sortuko balitzait aurka
eta dena hankaz gora bota, orduan ere, Jauna,
Zurekin seguru nago sugarraren erdian.
Noren beldur, zurekin banago?

Gauza bat eskatzen dizut, Jauna;
gauza baten bila nabil irrikaz:
zure Etxean bizi, Jauna, zure ondoan eseri,
Zurekin egon nire bizitzako egun guztietan.
Zure samurtasuna
txasta nahi dut, Jauna
,
eta maite nauzula ziur-ziur egon.

Arrisku-egunean zure etxolan hartuko nauzu;
zure bizilekuan gordeko nauzu ezkutuan;
eta nire oina zure harkaitz gainean seguru egongo da.
Zurekin ez naiz ezeren beldur;
zure indarra da nire defentsa eta nire salbamena.

Pozez abestu nahi dut, kanta-kantari jardun,
Zuri goraka ekin,
nire bizitzako Jainko Zu baitzara,
eta zure eskuetan seguru sentitzen naiz.
Entzun, arren, nire abestia, Jauna;
onartu nire eskaria eta erantzun iezadazu.

Nire bihotzak ez nau engainatzen;
barren-barrenean ahots bat entzuten dut.
Bai, zure aurpegi bila nabil, Jauna;
ez iezadazu ezkutatu zure aurpegia.

Zu zera nire laguntza; ez nazazu bertan behera utzi,
ez nazazu bakarrik utzi. Zu zera nire laguntza:
zatoz niri laguntzera, Jainko nire salbamen.

Ni seguru nago, Jauna,
nire aitak eta nire amak utziko banindute ere,
Zuk ez didazula hori sekula egingo,
Zu beti nire ondoan izango zaitudala
eta onartuko nauzula.

Nire bihotza ez da beldur,
Zu nirekin zoazelako eta maite nauzulako.
Nire bihotza Zuregan seguru dago
ta sendo sentitzen da
.

Nik zure ontasuna ikusi nahi dut, Jauna,
eta zure samurtasuna txastatu;
orain hemen bizi naizen lur honetan:
sentiarazi iezadazu zure maitasuna.

Nik Zuregan itxaroten dut, Jauna;
ziur nago Zurekin nire arazoak
irtenbide ona izango dutela;
nik Zuregan itxaroten dut, Jauna,
eta ziur nago ez nauzula egundo bakarrik utziko.

Zuk bihotzera hitz eginez diostazu:
Izan bihotz! Izan adore!
Eutsi sendo sinesmenari!

Zuk bihotzera hitz eginez diostazu:
izan Niregan uste on!
Nire grazi-laguntzaz fidatu!
Nire bihotzak hau diotsu, Jauna:
Zuregan sinesten dut,
seguru nago zure ondoan.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue