#
#

Salmo barriak: "BILAKETA - ADISKIDETASUNA"


Jainkoa etxeko #
#
#

1

Behin baten izan nintzan Angoston,
hiru-lau urte badira,
nire bizitzak han hartu eban
ehun ta larogeiko jira.
Bizian Gora Mogimentuak
egin ninduan konbida;
halako zerbait goxo-goxoa
sarturik bihotz erdira,
hantxe lehenengoz: “Ene Aitatxo”
esan neutson arpegira.

2

Lehengo kezka zan zelan salbatu
bakotxak bere burua,
orain bardintsu kezkatzen nau ni
zelan ondu ingurua.
Beso zabalik kurutzean Zeu
zaitut nire liburua:
malkoak xuka, zauriak senda,
poz bihurtu zizpurua...
Jesus Jauna, Zeuk esanda dakit
dala bide segurua.

3

Ustekabean, zelan ez dakit,
ez zan izan berehala,
baina ohartzen joan nintzaizun
burujabe ez nintzala.
Gau ta egunez beti ondoan
Jaungoikoaren itzala,
neu hortik zehar ibili arren
Bera beti da leiala,
larri-orduan ez jat faltatzen
ama on baten magala.

4

Lehen uste neban zerua zala
irabazien ordaina,
zenbat ahalegin zelan goituko
zeru gailurraren gaina.
Lehengo antzean, orain ta gero
pekatari gara baina,
geure aldera jarrita dago
maite gaituan artzaina;
bere burua jokatu dau ta
ziur nago, alajaina!

5

Lehengo Jainkoa sinisten neban
urrun eta bildurgarri,
handik honuntza sentitzen dot nik
etxeko ta maitagarri.
Zenbat pekatu? Zelan autortu?
Lehenago ze estularri!
Gaur nire kezkak aldatu dira,
Jauna Bera dot egarri,
kezka-bildurrak uxatu deustaz
ta maitasuna ezarri.

6

Benetan zara, Jesus maitea,
bihotz eder ta haundiko,
Zeuri zor deutsut egin zarala
gaur nire bihotz erdiko.
Niregan graziz egin dozuna
agirian dot jarriko:
ziur nago Zuk zure eskutik
ez nozula, ez, itziko,
bat-bat eginda bizi gaitezan
Zu ta ni biok betiko.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue