#
#

Salmo barriak: "ALKARTEA - MISINOA"


Biziaren zentzunaren bila babilanen salmoa #
#
#

Ameseta batetik urtetzen lez sentitzen naz, Jesus Jauna.
egun barri baten lehen argi-izpiz gozatzen nago,
eta ekaitzaren ondorengo bakea lez da.
Orain badakit, ekaitzaren ondoren baretasuna datorrela.
Jesus Jauna, lasaitasun eta baretasunaren Jauna,
lagundu eidazu hasten dodan bide barri honetan.

Nire begiak barruan jarri nahi ditut.
Bihotzeko begiak ireki
eta “ikusteko begi barriekin”,
bihotzaren isiltasunean argia begiratu
eta edertasuna eta ontasuna bilatu, egia eta maitasuna.
Jesus Jauna, Bizitzatik nire bizia eraiki nahi dot.
Askatasun arduratsu batetik bizitzen hasi.
Egia, nire bizitzan egi bihurtu nahi dot.
Maitasunean bizi, eta maitasun zerbitzua eskeini nahi dot, Jesus Jauna.

Nire bilaketaren Erantzuna zaitudalako, behar zaitut.
Jesus Jauna, nire bizitzaren zentzuna ikusi nahi dot,
nire izatearen zentzunaren arrazoi bila nabil.
Gizakia izateko ereduaren bila nabil.
Jesus Jauna, nire bizitza zuzendu nahi dot.
Nire sorreraren errazoien bila nabil.
Nire bizitzarako ura, zure iturburutik hartu.
Bizitzan egiten dodanaren zergaitia jakin.

Nire bizitzak, bizitzea merezi dauan jakin nahi dot.
Nire bizitzaren zentzuna, Zu izatea nahi neuke.
Norantza noan jakin nahi dot,
zein dan nire bizitzaren helmuga.
Nire bidearen azkena, Zu izatea nahi dot, Jauna.

Jesus Jauna, ez dot nahi sasi-laguntzarik.
Ez dot nahi traba egingo deusteen makulurik.
Ez dot nahi nire askatasuna moztuko daben laguntzarik.
Ez dot nahi bideko petatxurik,
ezta nire arazoentzat mozorrorik.
Ez dot nahi
nire kalterako izango diran esku bultzatzailerik.
Nire bihotza irrikitan dagoelarik,
ez dot nahi azaleko gauzetan geratzerik.

Ni ez nago heriotzaren alde, ezta suntsitzearen alde,
amaitzen diran gauzen alde.
Ez dot nahi azalkerian bizi.
Ez dot nahi zentzun bako bizitzarik bizitzea.
Jesus Jauna: barrutik eta gogoz bizi nahi dot!

Jesus Jauna, aukera egiteko indarra emoidazu.
Gizaki lez, pertsona lez aukera egiteko indarra.
Zugan benetan sinistea aukeratzeko indarra.
Nire Alkartearen alde jokatzeko indarra.
Bizi-egitasmo baten alde aukeratzeko indarra.
Behartsuen alde aukeratzeko indarra.
Amaitzen ez dan bizi baten alde aukeratzeko indarra.
Barriro hastea eskatzen deustan biziaren alde aukeratzeko indarra.

Jesus Jauna, ireki nire begiak zure egiaren argitara.
Ireki nire begiak ontasunera eta samurtasunera,
parkamenera, zuzentasunera, anaitasunera
egiara, garbitasunera eta bakuntasunera.
Jesus Jauna, ireki nire begiak amaitzen ez diran baloreetara.
Jesus Jauna, ireki nire begiak zure heriotzaren ondorenera:
zure Biztueraren askatasun eta argitasunera.
Zu, Jesus Jauna, nire bidean zaitut.
Zu, Jesus Jauna, hemen zagoz
eta zure bizi-egitasmoa eskeintzen deustazu.

Zugaz kontatzen dot: nire itaunaren erantzuna zaitut.
Zugaz kontatzen dot: nire arrazoien arrazoia zara.
Zugaz kontatzen dot: nahi dodan gizakiaren ideala zara.
Zugaz kontatzen dot: onartzen dodan bizi-egitasmoa zara.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue