#
#

Salmo barriak: "BESTE BATZUK"


Egun barriaren hasierako salmoa #
#
#

Jaunak bedeinkatu eta zaindu gaizala.

Nire begiak egunaren
argi barriak ikututean, Jauna,
nire bihotzak Zugana joten dau,
zure begiradearen bila.

Entzun egizuz, arren,
barriro bizia sentitzen dauanaren berbak,
eta adi egon zakidaz, Jauna,
zabalik dagozan nire eskuak
hurrean aurkitu nahi zaitue-ta
.

Goiz-goizetik zure eskuetan izten dodaz
nire kezkak eta nire ametsak;
goizetik gaueraino zure bidetik
eroan gura dodaz nire pausoak.

Entzun nire dei-hotsa, Jauna,
hain on ta errukitsu zaran Horrek;
eta bixkortu Zuk nire bizitza,
Zugan argia eta beroa bilatzen dodaz-eta.

Begira, Jauna, behartsu honen bihotza,
txantxangorriak lez,
zure esku-barruan babesa bilatzen dau-ta.

Gaurkorako Zuk, hartu egizu
nire buztin-orea

eta moldatu egizu zure asmoen arabera.

Zure begien aurrean bizi nahi dot
eta zure begirada maitekorrak
barrendu nagien itzi;
zure begien aurrean, Jauna,
txiki eta makal sentitzen naz.

Ixuri, arren, egun honen hasieran,
zure ontasuna nire gainera
.
Holan nire bihotza seguru sentiduko da,
eta egunaren hasieratik gogo barriz beteko da.
Jauna, aldendu nire bidetik inguratzen nauan gatxa
eta ez itzi guzurrak gaur gehiago egin daistan.

Emoidazu apaltasuna, neurritasuna,
nire bihotza gaur danakaz biguna izan dedin,
inori behar ez dan moduan erantzun barik.

Zeuk zuzendu eta zelaitu nire bidea,
zure lege-bidean zintzoa izan nadin.
Zure Espirituak esku emon daistala
larrialdi guztietan.

Nire ahoak iragarri dagiala
gaur nire barruko poza;
nire berbak danen pozgarri izan daitezala.
Jauna, emoidazu bihotz garbia,
gaur ikusi zagidazan;
Jauna, emoidazu pobre-bihotza,
gaur zure errukia bizi dagidan.

Zure eskuetan jarten dodaz
gaurko nire asmo eta eginbeharrak:
Esku emoidazu. Zuri eskeintzen deutsut
nazan eta daukadan guztia: Onartu egizu.

Biziaren Jainko zaran Horri eskatzen deutsut indarra:
bixkortu nagizu.
Nire bihotzak maite zaitu eta pozez beterik,
Zugan sentitzen da zoriontsu.

Bedeinkatu nagizu, Jauna,
eta eroan nagizu bide zuzenetik;
beso sendoz zaindu nagizu, izan nire indar.
Zure hegopean zaindu nagizu, Jauna,
eta holan igaroko dot,
Zuk maitasunez eskeintzen deustazun egun barri hau.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue