#
#

Salmo barriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Zintzoaren atsekabea #
#
#

1
Neure Jaungoiko! Neure Jaungoiko!
Zergaitik zapuztu nozu?
Hainbat deadar eginda ere
Zuk baztartuta naukazu.
Nire otoitzak eta aihotsak
ez al dira Zuganatu?
Edo bestelan, ene Jaungoiko!
Zuk aintzakotzat ez hartu?

2
Egun guztian ni Zuri deika,
halan be, Zuk erantzun ez;
gau baltz astuna datorrenean
hor naukazu atsekabez.
Baina jauretxe zoragarrian
Jaungoiko bizi zaranez,
zure Israel honen otoitzak
entzun egidazuz onez.

3
Gure guraso hareik Zuregan
eben usteon osoa,
eta Zuk danei emon zeuntsen
askatasun txit gozoa.
Etengabean egin eutsuen
bihotz eskari beroa;
hutsegin barik lortu ere bai
Zugandik bake giroa.

4
Baina ni ez naz har bat besterik,
gizonentzat lotsagarri,
gizadiaren aurrean lizun
simaur eta igungarri.
Nunahi ikusten naben guztiak
emoten deutse barreari,
buru-eragin eta kinuka
halan dinotse alkarri:

5
“Begira zelan hau doakion
Jaungoikoari eskean,
bere eskutik salbazinoa
lortuko dauan ustean.
Esan ohi dauan bezela maite
baldin badau bihotzean,
onez atera daiala beti
bere estutasunean”
.

6
Zuk Zeuk atera ninduzun, Jauna,
amaren ume-tokitik,
eta Zeuk eutsi be bai gero
hazi arte bularretik.
Zure menpean nago ni beti
jaio nintzan egunetik,
bakar-bakarrik Zu zaitut Jainko,
nere ama-sabeletik.

7
Horregaitik Zuk ez dagizula
niregandik iges egin,
datozan ordu samin gorritan
zagoz , bai, Jauna nirekin.
Laguntzailerik onena beti
Zeu zaitudala banekin,
ta zure beso indartsu horrek
ez dagistala huts egin.

8
Hainbat idisko -begiak sutan-
hor dabiltza inguruan,
Basango zezen gaiztoak sartu
nahi nabe esi barruan.
Aho zabalik amorratuak
bere biziko orruan,
iruntzi nahirik datoz nigana
lehoi goseti moduan.

9
Odolez ase nahi daben txakur
amorratuak alboan,
bihotz gabeko gaizto taldea
sutan bere gorrotoan.
Esku ta oinak zuloz beterik
ditut odol-jarioan,
nire hazurrak bana-banaka
zenbatu leikez behingoan.

10
Baina, Jaungoiko, jagi ta zatoz
azkar niri laguntzera,
etsai guztiak gainean ditut
badatoz ni zapaltzera.
Ustez gogorrak badira ere
ez dot egingo atzera,
indar berbera zaitudan Hori
neurekin baldin bazera.

11
Nire ondasun eta bizia
Zu zara bakar-bakarrik,
gorde nagizu une guztitan
etsaiaren ezpatatik.
Urrineratu nadila txakur
eta lehoi hortzetatik,
ez dagidala gehiago ikusi
basa-idien adarrik.

12
Goralduko dot zure izena
herriaren batzarrean,
kantu gozoak alai abestuz
nire anaien artean.
Goraldu Jauna, zintzo guztiok,
ospatu etengabean,
Jakoben seme, Israel dana
ahuspeztu bere aurrean.

13
Bera da nire pozkari eta
aintza baztar guztietan,
beteko ditut nire eskeintzak
zintzo danen begietan.
Behartsu diran danak jan eta
aseko dira benetan,
Jaunaren bila dabiltzan danak
aupatuko dabe jaietan.

14
Hau gomutau ta Jaunarengana
bihurtuko dira danak,
lur osoaren muga batetik
bestera bizi diranak.
Aurrean ahuspez jarriko jakoz
buru harroz dabiltzanak,
gogoz menpeko jarri ere bai
hamaika sendi otzanak.

15
Jaunarena da erregetza ta
Bera herri danen jabe,
Haren aurrean ahuspeztu behar
beste aukerarik gabe.
Orain lurrean bizi bai baina
hilgo diranak halan be,
hauts bihurtuta han egoteko,
gero barriz biztu arte.

16
Ondorengoak izango ditu
betirako zerbitzari,
zelan jabetu erakutsiaz
datorren gizaldiari.
Harek jakinaz, zenbat zor deutsan
bere Jainko zuzenari,
gogotsu ta eskerronean
ekingo deutsa kantari.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue