#
#

Salmo barriak: "ALKARTEA - MISINOA"


Bidean doan gizonaren salmoa #
#
#

Hau poza sentitzen dodana,
Eleiza nazala aurkitu dodanean!
Hau poza, Herri barri baten barruan noala jakitean!
Hau poza, nire sinismena zugaz konpartitzean,
zure jarraitzaile diranakaz!
Hau poza, anai-arreba lez zure Etxera-bidea egitean!

Ederra da anaiak alkarturik bidea egitea,
gizon bakar lez; erreztu egiten da bidea,
neure anaiari bizkarretik oratuta;
gozoa da pozak eta jaiak alkartean konpartitzea,
pozgarria da alkarri esku emonda bidea egitea.

Gure oinak, Jauna, bidez-bide martxan dagoz
eta zure Espiritua da gure arnasea.
Gure pausoak zure Berbeak zuzenduta dagoz;
eta gure bihotza poztu egiten da,
Jainkoaren Herria aurrera doala.

Zure Eleizan, Jesus Jauna, bidea egiten dogu,
Historian urratsak itziaz;
Zugaz goaz goruntz igoten,
zure ekintzan parte hartuz: Gurutzan.
Gure bideko urratsetan
zure Ebanjelioko haziak izten doguz.
Bixkortu Zeuk gure bideko martxa;
gure erromesaldian eutsi, Jauna.

Zugaz goaz Aitaren Etxerako bidean,
atea danentzat zabalik dauka-ta,
betiko bizitzaren itxaropenez goaz bidean,
geure zain daukagu-ta;
gure bihotzak geroko horren egiak pozten ditu;
eta gure nekeak atzean gelditzen dira,
zure deiari erantzunez goaz-ta.

Egin gagizuz, bidean goazela, bake-ereile;
erne dedila bakea gure Herrian, justiziaren frutu lez;
gure eskuak zabaldu daitezala
bihotza zaurituta daukan gizonaren sufrimentuetan;
eta bidean itzi dagiguzala ogia eta gatza,
testiguen ezaugarri antzera.

Nire anai-arreben maitasunarren,
emoiguzu zure maitasuna!
Sufritzen dagozanen maitasunarren:
emoiguzu zure errukia!
Apalen eta zapalduen maitasunarren:
emoiguzu zure Egia eta zure Askatasuna!
Makalaren, umearen, bakartiaren maitasunarren:
emoiguzu fedearen dohaia!

Bakea zuri anaia-arreba:
izarratuaren sabai azpian bizi zaran horri!
Bakea zuri, anaia-arreba:
zeure eskuentzat lurrik ez daukazun horri!
Bakea zuri, anaia-arreba:
familia bateko berotasunaren barririk ez dozun horri!
Bakea zuri, anaia-arreba:
isilean negar egiten eta ogiaz amets egiten dozun horri!

Emoiguzu zure bakea, anaia-arreba:
benetako pobrearen bihotza daukazun horrek!
Emoiguzu zure bakea, anaia-arreba:
garbi, zuzen eta zintzo zaran horrek!
Emoiguzu zure bakea, anaia-arreba:
errukitsu eta juxtu zaran horrek!
Emoiguzu zure bakea, anaia-arreba:
bihotzez otzan eta apala zaran horrek!

Bidez-bide doan Eleizan alkartuta:
ondasun guztia opa deutsugu, anaia-arreba!
Bidez-bide doan Eleizan alkartuta:
zuri justiziazko bizitza eroatera konprometitzen gara!
Bidez-bide doan Eleizan alkartuta:
oraindik ez daukazun bakea opa deutsugu, anaia-arreba!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue