#
#

Salmo barriak: "BIZIAREN JAINKOA"


Bihotz zintzoaren salmoa #
#
#

Jagi zaitez, Jauna,
nire ontasuna eta nire errukia,
eta hurreratu zaitez
gaur gure bihotzetara;
kendu gure begietatik zapia,
iluna besterik ez dabe ikusten-eta,
eta bigundu gizon harroaren
eta zikoitzaren bihotza.

Agertu zaitez, Jauna,
su bizia lez, lur gainean,
eta erakarri egizuz gizonak Zugana,
zure seme-alaba dira,
alkar ezagutu barik bizi badira ere.

Itzartu zaitez, ene Jauna,
zutik jarri eta zatoz guganuntz,
Zu zara gizakiaren eta Historiaren Jauna.
Bixkortu egizuz gizonen bihotzak
pekatuz zaurituak,
eta onartu gagizuz guztiok
anai-arreba lez zure bizileku ederrean.

Ene Jainko, herri guztien Jauna, nazinoen Jauna,
banatzen gaituen hormak bota egizuz,
ate eta leihoak zabaldu,
zure maitasun eta zuzentasun eguzkiak
lurbira osoa batu dagian.

Ene Jainko, sortu gugan
bihotz zuzena eta garbia,
guztien onaren bila dabilena, norkeri barik.
Ene Jainko, emoiguzu bihotz garbia eta leiala,
bere buruaz ahaztu
eta besteekaz arduratzen dana.

Emoiguzu haragizko bihotza,
adiskidetasunera
eta alkarlaguntzara zabalik dagoana,
gizakiaren erraiak hondoraino
ezagutzen dozuz-eta.
Ene Jainko, Zu zuzena zara;
Zu santua zara, emoiguzu bihotz leiala.

Izan zaitez Zeu bihotz zuzenen salbatzaile.
Salbau egizu giza-bihotza
guzurraren ilunpetatik.
Salbau egizu giza-bihotza
harrokeri zaharraren gogorkeriatik;
salbau egizu giza-bihotza epelkeriatik
eta ganorabakokeriatik.

Ene Jainko, gure Jainko,
onartu egizu gure bihotz bildurtia,
mundu gaizto eta guzurtia indartsu egin da-ta.
Emoiguzu grazi-indarra,
izan Zeu aprobaldian gure babesleku,
eta gaiztoakandik zaindu gagizuz.

Jauna, Zuk ondo ezagutzen dozu pekatuz kutsaturik
dagoan gure izate makal eta jauskorra;
Zuk ondo ezagutzen dozu
gure atean deitzen deuskun tentaldiaren indarra;
Zuk ondo ezagutzen dozu gure bihotzaren huskeria,
krisialdiak joten gaituanean.
Zatoz, Jainko, Zugana joten dogu-ta;
zatoz eta salbau gagizuz.

Askatu gagizuz eta inok ez dagiala,
lehoiak lez, gure bizitza zapuztu.
Parkatu, arren, zure egitik
eta graziatik sarri urrundu izana.
Emoiguzu parkamenerako
eta errukirako bihotz edegia,
eta ez gaitezala inoiz sentidu
beste inor baino hobeak.

Ez eiguzu itzi, Jauna, zulora jausten,
leza sakonean hondatzen;
ez itzi, arren, gure oinak heriotz-lakioan harrapatzen.

Eta zelaitu gure bidea, arnas-barritu gagizuz.
Hemen gaituzu, Jauna, behartsuak, apalak,
zure ama-esku bigun eta sendoen preminan
dagozan umeak lez.

Eskerrik beroenak Zuri, Jainko Jauna,
Historiaren eta gizonaren Jauna.
Eskerrak Zuri, zuzena, ona eta santua zarealako.
Ene Jainko, Jaun Ahalguztiduna,
diran eta bizi diran gauza guztien Jaun bakarra,
Zugana doa gure bihotz zintzoaren erditik gure abestia.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue