#
#

Salmo barriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Zugana jasoten dot bihotza, Jauna #
#
#

Eskerrak, Jauna,
Zu bai ona!
Zuk emona da
dogun dana.


Jauna, Zugana jasoten dot bihotza;
ene Jainko, Zugan dot uste on;
ez nadila lotsatu.
Zugana nator ihesi, Jauna,
neure pobretasunaren hondotik,
Zeuganaino heldu nahirik hegaz.

Eskerrak, Jauna,
Zu bai ona!
Zuk emona da
dogun dana.


Baina, sarri nire barru-eraginak
okerrera joten dau;
Zeuk erakutsi egidazu bide zuzena,
Zeugana eroango nauan bide garbia.

Zeu zara nire Jaungoiko eta Salbatzaile,
eta, Zeugan goizero itzartzean,
zeure edertasunez asetzen nozu,
eta egun guztira zure maitasunean murgiltzen naz.

Ez oroitu, Jauna, nire pekatuetaz,
ezta nire aldikada ilunetaz,
ezta hutsik daukadazan eskuotaz.

Eskerrak, Jauna,
Zu bai ona!
Zuk emona da
dogun dana.


Errukiz begiratu nire makaltasunak,
Zeuri oratzen deutsut-eta,
erruki nitaz, zure maitasunez.
Zuk ondo dakizu maite-maite zaitudana.
Nire begiak Jaungoikoagan daukadaz,
bai bihotza, arimea eta gogo osoa ere.
Beragan oinarritzen naz,
nire maitasunak Haregan dau oinarria.

Eskerrak, Jauna,
Zu bai ona!
Zuk emona da
dogun dana.


Berak ateraten deustaz oinak saretik,
nire hegoak haizez Zeuk puztuten dozuz.
Zugandik igoten dau bizi-indarrak niganaino.

Ez hondorik, ez azkenik ez dozun Jainkoa,
zenbat maite zaitudan!
Zein zabala egin zenduan nire hondartza,
zein asegatxa nire egarria!

Eskerrak, Jauna,
Zu bai ona!
Zuk emona da
dogun dana.


Begira niri eta nitaz erruki, ene Jainko,
hondar pixka bat eta basamortu naz-ta.
Zaindu nire bizia eta onik atera nagizu
arrisku guztietatik.

Ene Jainko, atera egizu onik Israel,
salbau gagizuz gizon-emakume guztiok,
zeure seme-alabok,
estualdi guztietatik.

Eskerrak, Jauna,
Zu bai ona!
Zuk emona da
dogun dana.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue