#
#

Salmo barriak: "TOPAKETA - BOKAZINOA"


Uste onezko salmoa #
#
#

Jesus Jauna, biderako Argia zaitut,
Zu zara nik itxaro dodan Salbatzailea.
Nundik norakoak dira ezkutuko bildur honeek?
Noren bildur naz, Jauna?
Bizitzea bidekurutze bat lez da,
eta sarri noraezean aurkitzen naz,
ez dakit nondik nora jo.
Zugan sinisten dot, Jesus Jauna,
Zu zara nire bizitzaren zaintzailea.
Nok ni ikaratu?

Ondo dakit Zuri jarraitzea bide latza dana.
Egon ere, zenbat gauza daukadazan esku-eskuan!
Ziur nago, euren atzetik banoa,
irabazi nahi neban askatasuna galtzeraino katigatuko nauela.
Hau ere badakit: Zuri jarraitzen badeutsut konfiantza osoz,
bideko trabak jausiko dirala, udazkeneko orbelak lez.

Datozela nire kontra guzurra eta gogorkeria,
atseginaren eragin gaiztoak;
nire bihotzak, Jauna, ez dau bildurrik.
Han-hemen mila aukera eder eta errez agertu arren,
nire bihotzak euren eskeintzetara itxita iraungo dau,
Zugan nasai eta bakez bizi naz-ta.

Gauza bat bakarrik eskatzen deutsut, Jauna,
honexen bila nabil ni:
Zeugaz bat-bat eginda bizitzea,
Zeu laguntzat zaitudala,
eta Zuk nigaz dozun adiskidetasun zintzoaz pozik bizitzea.
Tentaldian Zeuk babestuko nozu, aterkinak euritean lez;
eta holan harkaitz sendoaren gainean lez sentiduko naz seguru.

Jesus Jauna, entzun egidazu, arren, deika nagotzu-eta.
Erruki zakidaz; zure arpegi-bila nabilkizu.
Nire bihotza ziur dago, Zuk maite nozula,
eta neugan egon zagozala,
eta nire arazoak ardura deutsuela, lagun zintzo bati lez.

Zure arpegi-bila nabilkizu:
ez egidazu gorde zure arpegia.
Ez naizu bertan behera itzi,
Zeu zara nire Salbatzailea-ta.
Emoidazu, arren, ziurtasun hau:
ni aitak eta amak zapuztuko banindue ere,
Zu beti izango zaitudala nire ondoan.

Jauna, erakutsi egidazu zure bidea,
eroan nagizu bide zelaitik.
Beti lagun izango zaitudala uste dot.
Nik nahi dodana hauxe da:
zure Bizitzaz nire bizitzan gozatzea.

Zugan itxaroten dot, Jesus Jauna:
emoidazula bihotz adoretsua eta ausarta,
Zuri jarraitzeko.
Zu zara, ba, nire biderako argi,
eta oso-osoan fiatzen nazan Salbatzailea.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue