#
#

Salmo barriak: "TOPAKETA - BOKAZINOA"


Jaunarekin aurrez-aurreko salmoa #
#
#

Zeuk deitu nozu, Jauna,
nik zure izena jakin aurretik
.
Bizitzeak porrot egin deustanean,
Zuk jarri nozu tente.

Zeuk atera ninduzun betikotik:
betiko epelkeritik, betiko ohiturakeritik,
betiko legekeritik, betiko zahartzaroko hiletatik.
Eta bide barrian ipini ninduzun,
beti barri eta hasten dan bidean,
bideko gidari Zeu zaitudala.

Zeuk aukeratu ninduzun,
ustebako agintzariak eginez,
neure izenez deituz,
zeure esku-artean hartu ninduzun,

eta nire bihotza graziz bete zenduan,
alperriko hondakinetatik hustuz.

Eta ni bidean jarri nintzan,
bihotzean hego barriak sortu bailitxakidazan,
bildurrez eta harriduraz eta ikaraz ortozik.
Zure eskuetan ume bihurtu nintzan
eta Zuk besarkatuz seme-alaba bihurtu nozu.
Ni zure agintzaria nire etxean
beteko zalakoan nengoan.

Nik uste neban ni eta Sara lango zahar batzuekaz
ezin dala bide eta bizi barririk sortu,
gorputz eta bihotz zimurtzen hasita gero.
Baina sartu zara nire bizitzan,
bizi eta bide barrien Jauna.

Zutaz osoan fiatu naz,
eta ezinaren gainetik,
Zuk bete nozu bizi barriz.

Eta zure eskutik bide barriak ibiliz,
bide barriak inguruan sortzeko
eta ugaritzeko gai egin.
Zure presentzia eraginkorra izan da
bizibarritu nauana. Neuk ikusi dot neugan:
zure ondoan ezinekoak ahal dirala,
zure graziz ta maitasunez bizi dana
bizi barria darion iturri bihurtzen dala.

Eta Zuk nigan sortutako amets gozoak
Zeu joan zara banan eskatzen;
eta zeure maitasun-altarean
eskeini neutsuzan negarrez.
Emon eta kendu
Zeuk egiten deustazula sinisten dot,

baina gero eta haundiagoak
eta ederragoak emonez.

Bide barrien Jauna,
Zuk dakizu zer eta noiz emon eta kendu:
erakutsi zure bideak eta asmoak.
Ziur nago, zure bideen helburua zeure Etxea dala.
Ziur nago, nik emondako baietzak
izango dauala erantzuna.

Ziur nago, nik ereindako hazitxoa
ez dala alperrik galduko.

Ziur nago, ni zure eskutik nabilela,
onik urtengo dodala,
bideko gora beherak jakin ez arren.

Eskerrik asko, kendu deustazuna kendu deustazulako.
BEDEINKATUA ZU!
Eskerrik asko, emon deustazuna emon deustazulako.
BEDEINKATUA ZU!
Eskerrik asko, gitxien uste nebanean, deitu nozulako.
BEDEINKATUA ZU!
Eskerrik asko, nazan apurragaz hainbeste on egin dozulako.
BEDEINKATUA ZU!
Eskerrik asko, txiki sentitzen hasi nazanean,
inoizkorik goren jaso nozulako.
BEDEINKATUA ZU!
Eskerrik asko zure Maitasunagaitik!
BEDEINKATUA ZU!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue