#
#

Salmo barriak: "TOPAKETA - BOKAZINOA"


Gurutziltzatuaren salmoa #
#
#

Ene Jainko! Ene Jainko!
Zergaitik itzi nozu eskutik?

Oihuka naukazu, eta Zu urrun sentitzen zaitut.
Oihuka naukazu, Jainko,
eta ez dozu berbatxo bat ere niretzat.
Gauez deika naukazu,
eta nire ahotsa durundi hutsean galtzen da.

Oihuka naukazu gogo beroz,
eta ez deustazu jaramonik egiten, ene Jainko!
Behin baino gehiagotan esan deuste
Zugan ustea jarri dabela
eta ez deutsezula huts egin.
Nik ez dakit holangorik ezer!
Konfiantza kontu hori niretzat hutsa da.

Dei eta dei egiten baino ez dakit, ene Jainko,
eta neure deadar hutsagaz gelditzen naz bakarrik.
Lurreko har bat sentitzen naz, eta ez gizaki,
jentearen barregarri, askorentzat lotsagarri;
eta danak neure lepotik
irri eta barre egiten dabela begitantzen jat,
Zugan uste osoa jarri dodala-ta, laguntza eske.

Zuk deitu ninduzun bizitzara,
zure eskuetan gorde ninduzun, ezer sentidu ezarren.
Zu zara nire Jainko.
Ez zaitez urrun gelditu, ene Jainko,
arriskua hur dago-ta, eta inor ez laguntzeko.
Indar gaiztoz inguratuta sentitzen naz.

Bihotza argizari lez daukat,
neure erraietan urturik.
Nire eztarria urbako lurra lez daukat.
Nire mihina aho-sabaiari erantzita.
Heriotz-hautsetan zapalduta sentitzen naz.
Neure burua bilusik,
indarge eta hutsik ikusten dot.

Bere lepotik danak
barre egiten deutsen paiaso bat naz
.
Zu, Jauna, nire indar zaitut, ez zakidaz urrun gelditu,
zatoz laster ni laguntzera.
Zaindu nire bizia,
nire bizi bakarra, eta salbau egizu.

Ikusi ezarren,
zure eskutik itzita sentiduarren,
tentaldian bakarrik sentiduarren,
tente irauteko indarrik euki ezarren,
nigan tentaldia neu baino indartsuago eginarren,
Zuk jarraituko dozu
nire uste osozko Jainko izaten
.
Amaren besoetan bere burua
izten dauan umea lez izango naz Zuretzat.

Eta danei iragarriko deutset
Zu zarala errukia, errukarri honentzat,
Zu zarala bihozbera
apurtuta daukadan nire bizitzarentzat,
Zu zarala nire Salbatzaile gaueko ilunpean.
Goresten zaitut, zure arpegia ikusi ezarren.

Neure kautan dinot:
Ez egizu egundo adorea galdu!
Zure aurrean naukazu,
bizia emon deistazun itxaroten.
Zure lagun izango nozu eta jarraituko deutsut,
zure leialtasunean nik uste osoa jarrita.

Zure eskuetatik bizibarrituta urtengo dot,
eta nire bihotzari, arranoari lez,
hegoak urtengo jakoz.
Eta nire askatasunean abestuko deutsut:
atsekabearen erdian jo neban Jaunagana,
eta Berak askatu ninduan.

Jauna, zu zara nire Jainko, Zu nire salbatzaile,
Zu zara gizonagandik hur-hurkoa,
Jainko, Zu bere laguna.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue