#
#

Salmo barriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Utzitasunezko salmoa #
#
#

Ene Jainko, ene Jainko,
zergaitik itzi nozu eskutik?

Nik Zuri dei egin, eta Zuk ez entzun.
Nik Zuri dei egin
eta Zuk ez dozu berbarik niretzat.

Gauez deitzen deutsut, eta nire dei-hotsa
durundi-hutsean galtzen da.
Nik Zuri dei egin,
eta Zuk jaramonik ez, ene Jainko!


Esaten dabenez,
Zugan ustea jartzen dauana
Zuk salbatzen ei dozu.

Askok gogoratzen deuste:
Zuri deadar egin, eta aske izten zenduzala.
Errepikatzen deuste, Zugan ustea jarri ebela
eta Zuk ez zeuntsela inoiz huts egin.

Nik ez dakit holakorik ezer!
Konfiantza zer danik ere ez dot ulertzen.
Deadar egiten baino,
besterik ez dakit, ene Jainko,

eta deadar hutsean gelditzen naz bakarrik.

Ni har bat sentitzen naz, ez gizaki;
gizonen lotsakizun, eta askorentzat iguingarri;
eta bihotzak dinost nitaz irri eta barre egiten dabela,
Zugana joten dodalako, Zuk salbatuko nozulakoan.

Zuk atera nozu onik bizira,
zure esku-barruan gorde ninduzun,

Zu nire Jainko zara, ezer sentitzen ez badot ere.
Ez egon urrun nigandik, ene Jainko,
arriskua hur daukat, eta inor ez laguntzeko.
Indarkerizko haize zakarrak inguratzen nau.

Sastegian botaten dan ur zikin galdua lez naz.
Argizaria lez bihurtu jat bihotza,
neure erraietan urtzen doalarik.
Teila zaharra baizen lehor daukat bihotza,
urbako lur takarra lez.

Heriotz-hautsetan zapaldua sentitzen naz.
Neure burua bilosik, hutsik eta indarge sentitzen dot.
Guztien barregarri bihurtu dan txontxongilo bat naz.

Zu, ostera, Jauna, nire indar, ez egon urrun;
zatoz azkar laguntzera.

Begira nire bizia, nire bizi bakarra eta salbau egizu.
Ikusten ez bazaitut ere,
bertan behera itzita sentitzen banaz ere,
arriskuaren aurrean bakarrik sentitzen banaz ere,
tentaldiak nigan indartsu irauten badau ere.

Zuk nire Jainko izaten jarraituko dozu,
Zugan nire uste osoa.
Ni, bere amaren besoetan lasai sentitzen dan
umetxoa lez izango naz.

Eta hau izango da nire autormena
jente guztiaren aurrean:
alperrik galdutako nire bizitzarentzat
Zu izan zarala erruki hutsa,
Zu nire salbatzaile gau ilunean.

Bedeinkatzen zaitut, zure arpegia ikusi ez arren.
Nik neure kautan dinot: ez galdu inoiz adorea!
Zure aurrean nago, bizia emon deistazun zain.
Zure lagun izango naz
eta zure leialtasunean fiatzen jarraituko dot.

Jauna, Zu zara nire Jainko, Zu zara nire salbatzaile,
Zu zara gizonaren hur-hurreko laguna.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue