#
#

Salmo barriak: "DEIA - JARRAIPENA"


Bizitzaren aurrean bihotz gazte baten salmoa #
#
#

Deika naiabiltzu, Jauna, zatoz laster eta lagundu nagizu.
Zuri deika nabil, entzun nagizu; behar zaitut.
Nire otoitzak zure bihotza ikutu daiala;
nire eskuak goratzerakoan, nire larrialdia ikusi dagizula.

Tentaldian jausteko bildurra daukat;
ez nago sendo eta ezbaian sentitzen naz;
bizitzen ikasten eta bildurrak nagusitzen jataz;
nire bihotz gaztearen sarreran zaintzaile bat jarri egizu.

Nire bihotz hauskorra ez daitela txarrera bideratu;
ez egizu zarata artean galtzen itzi;
zuzendu egizu nire bihotz itsuaren norabidea;
ez itzi munduko sareak eta haren kantu ederrak lotu nagiela.

Jauna, nire aurrean dot okerreko bidea bere eskeintza guztiekin;
nire begien aurrean, proposamen erakargarrienak;
eta gainera gogaitze, aspertze, gogorik eza
eta ardurabakokeria, dana batera,
bere sare artean irunsteko prest.

Jauna, nire bihotz gaztea, zabaldu egizu benetako mundu ederrera;
emoidazu nire begiek behar daben argia;
askatasunez eta pozez hegan egiteko hegoak behar ditut;
inoiz amaitzen ez dan jaiaren oihartzuna behar dau nire bihotzak.

Nire bihotz gazteak, kontsumismoari ezetza emoten jakin daiala;
bila dabilen nire espirituak, norberekeria errezari ezetza esaten jakin daiala;
nire arima gazteak jakin daiala ezetza esaten sasi-laguntzen aurrean;
bizi dan ni honek, baztertu daizala heriotz bideak.

Askea izan nahi dot eta askatasun hori zure Ebanjelioaz eraiki.
Askea izan nahi dot eta neu izan.
Askea izan nahi dot eta utopia aske euki.
Askea izan nahi dot eta zure Biztueraren esperientzia bizi.

Ahul sentitzen naz: ez dot bizitzeko arrazoi haundirik.
Ahul sentitzen naz: datorrena onartuz bizi naz.
Ahul sentitzen naz: nire bizitza gaztean ez dago ziurtasunik.
Ahul sentitzen naz: biziko ez banintz lez bizi naz.

Jesus Jauna, sendotu nire bizitza zure maitasun Espirituagaz.
Jesus Jauna, argitu nire bizitza zure Egiaren Espirituagaz.
Jesus Jauna, bizkortu nagizu zure sendotasun Espirituagaz.
Jesus Jauna, askatu nagizu zure askatasun Espirituagaz.

Hemen nago, Jauna, eta bizitza benetan hartu nahi dot.
Hemen nago, Jauna, nire borondatea gainditzeko gogoagaz.
Hemen nago, Jauna, zurekin ez dot ezeren bildurrik.
Hemen nago, Jauna, eta zure laguntza behar dot aurrera egiteko.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue