#
#

Salmo barriak: "BIZIAREN JAINKOA"


Hegapeko segurtasunetik salmoa #
#
#

Zuk babesten nozu,
Zuk zaintzen nozu, Jainko ona;
zure ontasun eta samurtasunezko kerizpean
atseden hartzen dot.
Nik dinotsut, Jaun
zu zara nire gordeleku eta sendotasuna;
nire Jainko zara, nire itxaropen,
nire gidari dan Izarra.

Zure maitasun indartsuaren babespean ez naz bildur;
seguru sentitzen naz.
Zure oihal denda azpian, Jauna,
lasai sentitzen naz.
Zure ondoan, Jauna, nire bizitza seguru dago.

Zuk zeure eskuz babesten nozu;
Zuk zeure samurtasunez zaintzen nozu.
Tentaldiak nire atean deituarren,
eta leihoan joarren,
aprobaldiak eta krisialdiak nire bidea ilunduarren,
ni seguru nago, Jauna,
zure graziak ez deust huts egingo.

Bere hegapean txitak
hartzen dituan oiloaren antzera
,
amaren besoetan beroa eta laguntza
aurkitzen dituan umea lez,
holantxe doa zure bila nire arimea, ene Jainko,
goizetik arratsaldera arte.

Zure hegapean dot nire gordelekua,
hantxe nire defentsa;
Zu nire gaztelu, harkaitz sendo olatuen aurka;
Zu nire babeski eta armadura
inguratzen nauan Gaiztoaren aurka,
Zu nire salbamena, nire itxaropena aldioro.

Zugaz, Jauna, ez naz gaueko ikarearen bildur;
Zugaz, Jauna, nire aurka egunez datorren harriak
ez deust minik egingo;
Zugaz, Jauna, ez naz ezkutuan
zabaltzen doan gatxaren bildur;
Zugaz ez dago ezinezkorik gogorrenean ere,
zure grazi eta ontasuna neugaz dagoz-eta.

Zuk naroazu zure eskuetan,
nire oinak eztropezu egin ez dagian;
Zuk zuzentzen dozuz nire pausuak
eta zelaitzen dozu nire bide-zidorra;
Zu zara gauez bidea argitzen deustazun argia:
Zugaz nire bihotzak osorik irauten dau.

Nik Zuri oratzen deutsut, Jauna, ene Jainkoa:
Askatu nagizu!
Zuk ezagutzen dozu nire makaltasuna:
oinarri sendoaren gainean ezarri nagizu!
Zagoz beti nire ondoan:
ez nagizu bakarrik itzi!

Zu nire salbamena, Jauna,
izan beti nire indar bixkorgarri!

Zure hegoen kerizpean
ipinten dot nire bizia, Jauna
.
Zure samurtasunaren eta sendotasunaren
aterpean gordeten naz.
Zaindu eta gorde nagizu;
indar zaitudan Hori, zagoz nire ondoan;
danen gainetik, Jauna,
nik beti zure seme-alaba izan nahi dot.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue