#
#

Salmo barriak: "BIZIAREN JAINKOA"


Txastatu egizue eta ikusi #
#
#

Zu zaitut, Jauna,
nik ondasuna;
Zutzat naz dana,
hau zoriona!


Txastatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna!
Bai dohatsu, Harengana ihesi doana!

Nok asmatu daike poztasun onik, Zugandik aparte?
Edo-ta zeinek usmatu alaitasunik,
Zuk maite dozuzan semeen arpegian
dizdiratzen dozun hainakorik?

Zu zaitut, Jauna,
nik ondasuna;
Zutzat naz dana,
hau zoriona!


Zu zara argi eta egun, Aita,
egunsentiaren sortzailea.
Zugan bizitzea,
argitan bizitzea da, zerua zapaltzea.
Zu geugan eukitea,
zoriontasun danak batera besarkatzea,
danak, gehiago eta hobeak.

Zu umetxoen irribarre gozoa zara.
Zugan eguzki-printza dizdiratsu gehiago dira,
zoriontsu dan ama baten bihotzean baino.

Zugandik sortu dira egiazko maitasuna,
poztasuna, ondasun guztiak.
Zuk jasoten dozuz gure bihotzetan
maitasun eta poztasun-olatuak.
Zelan ukatu ahal deuskuzu zure edertasun-ataltxo bat ere,
Zugana begiak jasoten deutsuguzanoi?

Zu zaitut, Jauna,
nik ondasuna;
Zutzat naz dana,
hau zoriona!


Txori-aldrak Zuk liluratzen dozuz
egunsentiko argi-dizdiraz.
Zure indarrez lehertzen da lurra bizi barriz,
Zuk aterazoten deutsezuz zaldie irrintziak.

Zugaitik, txakur saltariak lez, gure barruak borbor,
zelaiak jaieguneko jantzi dotorez blai,
gure bihotzak zure Bihotz Haundiko iturburuan
asebeteko dira bizi barriz.

Bedeinkatu dagidan beti eta beti gure Jauna,
nire ahoan beti zure gorespena;
nire bihotza Jaunagan poztuten jat:
poztu beitez apalak hori entzutean.

Zu zaitut, Jauna,
nik ondasuna;
Zutzat naz dana,
hau zoriona!


Nire Jainkoa zuzena da.
Alde nigandik arerio guztiok!
Alde nire bildur-ikara guztiok!
Alde nigandik, Jaunagandik urrun ibiltea,
argi barik, neure buruaren kaltetan.

Inguratzen naben zoriotxarren artetik,
Zugana joten dot, Zugan gordeten naz, Jauna.
Zuk gozatzen deustazuz nire zauriak.
Zuk poztuko dozu nire bihotza.
Nire hazur txikiena apurtzen ere ez dozu itziko.

Zu zaitut, Jauna,
nik ondasuna;
Zutzat naz dana,
hau zoriona!


Begira egiozue, alaitu zaitezen,
zuen arpegiak lotsatu ez daitezan.
Atsekabetuak dei egiten badeutso, eta Jaunak entzun,
estualdi guztietatik aterako dau bere eskuz.

Zu zaitut, Jauna,
nik ondasuna;
Zutzat naz dana,
hau zoriona!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue