#
#

Salmo barriak: "BILAKETA - ADISKIDETASUNA"


Bila dabilenaren salmoa #
#
#

Jauna, nire bihotza, ase barik sentitzen da.
Nik askatasuna eta maitasuna bilatzen dot;
egia eta edertasuna bilatzen dot;
bakea eta justizia bilatzen dot...
eta nire bihotzak ez zaitu aurkitzen.

Oreinak ur gardena bilatzen dauan lez,
horrela nire arimak bilatzen zaitu, ene Jainkoa.
Nire bihotza zure egarri da, Jainko bizia
.
Noiz izango zara Zu nire egia eta edertasuna,
nire askatasuna eta bakea?

Zintzotasun eta pasinoarekin bilatzen zaitut,
minarekin eta nekearekin,
eta askotan bakarrik geratzen naz,
bideko zuhaitz bat lez.
Eta gizakien aurpegian erronka hau irakurtzen dot:
«Non dago zure Jainkoa?».

Umea nintzanean,
olatua hondartzara lez
nire bihotza zureganaino heltzen zala gogoratzen naz.
Nire bihotza garbia zanean,
nire barrutik zureganantz
poz-kantuak eta jaia urteten ziran.

Eta orain, Jauna, hustu nahi dot eta ezin dot,
nire bihotza larritzen da; asaldatuta sentitzen naz.
Bakea galdu dot, eta poztasunak ez deust laguntzen.
Ezin dot esan benetan: zoriontsua naz.
Guztiarekin, nik zuregan itxaroten dot.

Zu nire bizitzako iturria izango zara barriro
eta nire bihotzak hur sentiduko zaitu barriro.
Jauna, iluntasunean ere, Zu zara nire aurpegiko argia.
Egunez zure bila ibiliko naz,
zure errukiaren bila.
Eta gauez, dana hil dala dirudienean,
nire bihotzean nire bizitzako Jainkoa lez kantatuko deutsut.

Jauna, ene Jainkoa, zergaitik dirudi ahazten nozula?
Beste gauza batzuetan
nire egunetarako zoriona bilatu nahiez
zergaitik nabil triste eta larri?

Nahiz eta Zu batzuetan bakarrik bilatu,
nahiz eta bilaketan nekatuta sentidu,
nahiz eta besteak nire ondotik ardura barik pasatu,
nahiz eta barre egin eta oihuka niri esan:
«Zure Jainkoa aurkitu dozu onezkero?
Zelakoa dan zure Jainkoa esan eiguzu»,
nahiz eta basamortu neurribakoan galduta geratu,
Jainkoa, nire salbamenaren Jainkoa,
zure aurpegi bila jarraituko dot.

Lasaitasuna emon eidazu,
zure bakea emon eidazu,
nire bihotzean eta nire buruan
harmonia eta batasuna egon daitezan.
Ez eidazu itzi guzurrean jausten.
Ez nagizu itzi galduta.
Jauna, kontzientziarik bako gizakiarengandik,
onaren zentzuna galdu dauan gizaki gogorrengandik,
salbatu nagizu.

Bialdu zure argia eta zure egia:
eroan nagiela zureganaino,
nire biziaren Hasiera horretara.
Zuregan bizi nahi dot,
nire poz eta alaitasunaren Jainkoa nahi zaitut.
Ene Jainko, bihotz-bihotzetik eskerrak zuri.

Jauna, nire bihotza ez dadila larritu.
Jauna, nik zuregan itxaroten dot, nire Jainkoa zara eta.
Zure bila nabil, oreina iturria bezala.
Zu nire egiaren Egia zaralako bilatzen zaitut,
eta nire maitasunaren Maitasuna,
eta nire edertasunaren Edertasuna,
eta nire askatasunaren Askatasuna.

Nire bizitzako Jauna, zure bila nabil.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue