#
#

Salmo barriak: "BIZIAREN JAINKOA"


Zer? Jaunak betiko itzi ete gaitu? #
#
#

JAUNAGAZ NAGO
EZ NAZ GEHIAGO BILDURTUKO.


Jainkoagana jaso dot deadarra, oihuka nauka,
Jainkoagana nire deadarra, entzun nagian.
Eta nahaste-borrastean, hau nire itaun larria:

Betirako zapuztu ete gaitu Jaunak?
Ez ete dogu gure alde izango aurrerantzean?
Agortu ete da betirako Haren maitasuna?
Galdu ete da betirako Haren esana?
Errukitzea Jainkoari ahaztu ete jako?
Edo-ta sumindurik bere errukia agortu ete da?

JAUNAGAZ NAGO
EZ NAZ GEHIAGO BILDURTUKO.


Eta nik esan neban orduan: Hau da nire zoritxarra!
Goi-goikoaren eskua aldatu jatala!
Gomutatzen naz Jainkoak eginetaz;
zure lan guztiak buruz erabilten ditut
eta zure mirariak hausnartzen ditut.

Zu agertzen zinan zure Herri Israelen aurrean,
Ejitotik urteteko Zuk urratu zeuntson bidea itsasoan;
bere gose-egarriak Zuk asebete zeuntsozan basamortuan.

JAUNAGAZ NAGO
EZ NAZ GEHIAGO BILDURTUKO.


Zuk agindutako lurraldea emon zeuntson.
Zuk atondu zeuntsazan osagarriak bere hainbeste zaurientzat.
Eta Zuk arduraz zaintzen dozun ordua heldu zanean,
zure maitasuna zeure Semearen bihotzean agertu zeunskun,
zure argia bere begietan, zure ahotsa bere hitzetan.

Zure Espiritua bialdu zenduan
eta suzko egunsenti barria sortu zenduan,
Eleizearen mendabal haize bultzagilea.
Beti izan dira andra-gizonak euren izen eta guzti ezagutuak,
argi eta indarrez beterik, zure Semearen urratsak jarraitu ebezanak.

JAUNAGAZ NAGO
EZ NAZ GEHIAGO BILDURTUKO.


Baina, Zuk, beti eta danen gainetik,
mundu ederrago baten bila diharduzu,
eta giza-bihotzetan ontasun,
justizi eta garbitasun egarria sortzen dozu,
zure eskuetako lana aurrera eroan nahirik.

JAUNAGAZ NAGO
EZ NAZ GEHIAGO BILDURTUKO.


Lehenagoko aldietan lez,
gure herria ere noraezean dabil, Jauna,
bere historiako aldi txarrenetan lez.
Gaur egun, Jauna, behartsu
eta pekatari ikusten dogu geure burua;
ateo, sinisbako eta haundiki harroputz askoren artean kikilduta.

Bai, pekatari sentitzen gara, Aita, herri-moltzoan galduta,
sasijainko-zaleen artean kutsatuta,
Zu hilda ete zagozan askoren orruak entzuten,
edo-ta argi eta garbi horretan sinisturik dagozanen artean.
Noraezean gabiltzan, sarritan lurjota,
Zugandik urruti egoteaz hotzak hilik,
zure arpegiaren irudia ahaztuta...

JAUNAGAZ NAGO
EZ NAZ GEHIAGO BILDURTUKO.


Zu, Aita errukitsu izanik, maitasunez hartu izan dozuz
aldendutako seme-alabak.
Zu zara gure Jainko, betikoa eta bizia,
beti maitasunez aurrez-aurre zaituguna.

Zu, Aita, atzo, gaur eta beti,
gure artean zagoz zure ahalmen eta erruki guztiaz,
Zugan jarten dogu gure maitasun osoa,
Zugan gure gaurko samintasun guztia,
Zugan gure etorkizuna,
Zu gure itxaropen sendoa, itxaropen guztien aurka.

JAUNAGAZ NAGO
EZ NAZ GEHIAGO BILDURTUKO.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue