#
#

Salmo barriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Bihotz zauritu baten salmoa #
#
#

Jauna, izan pazientzia nigaz,
onartu nire makaltasuna;
itxaron, nire bihotza aldatu eta bihurtu daiten.
Mila arazo daroadaz bihotzean,
arantza zorrotzak lez josita,
eta kurutze astuna jausi jat gainera,
burua makurtzeraino.

Nire bihotza zikin dago
eta ez naz garbi ikusten;
pekatua nire buruaz bat eginda dago
eta ez daukat askatasunik.

Pekatu egin dot, Jauna,
eta nire errua zama astun egin jat,
ez deust izten arnasa hartzen ere
eta bizipoza kentzen deust.

Zaurituta sentitzen naz, indar barik,
nire bihotz makal honen zorakeriakaitik.
Zimurtuta, makurtuta,
zehatz hondatuta, Jauna,
egun osoan burumakur
eta saminez, urteera barik.

Hau da hartu dodan itxura itsusia, lotsagarria!
Neure buruari begira,
ez dot ataltxo bat ere osorik aurkitzen nigan.
Eta inundik laguntzarik ez,
adorerik ez, makilaz mailaturik lez,
eta nire bihotza odoletan, amorruz irakiten.

Halan eta guztiz ere,
nire begiak zugan aurkitu nahi dabe erantzuna;
eta nire arazo eta sufrimentuak eraginik,
Zugana jasoten dot nire oihua.
Bihotza triki-traka makalean,
indarrak alde egin deuste,
eta begien argia eta poza galdu dot.

Nire lagunak, nire etxekoak, betikoak, Jauna,
gero eta urrunago sentitzen dodaz,
aldenduta, nire gauean galduta.
Hona hemen gaur, Jauna,
guztiz minberatuta danagaitik.
Errazoirik ez, baina niretzat gaur dana da arazo,
eta ezin naz bizi ere zeozeren min edo kezka barik.

Gor bat emoten dot sarri, Jauna,
mutu baten antzeko naz, Jauna,
eta ez deutsot inori ezeren konturik emoten.
Maite nauenen berbak urrun sentitzen dodaz,
eta bardin jat baltz zein zuri izan.
Hau bizitzea al da?

Hau eta guztiz ere, hemen nago, Jauna,
beti lez, Zuri itxaroten;
Zu zaitut, nire bizitzan,
erantzunik ez dauken arazoen erantzuna.
Parkatu nire pekatua;
askatu, arren, lotuten nauen lokarriak.
Zuk ulertzen deustazula
sentidu dagidala, Jainko ona,
eta ez nadila “martiri” sentidu nire lagunen erdian.

Nire bihotza zaurituta dago, Jauna, apurtuta dago.
Pozik bizi nahi, eta kontrakoak gehiago egin.
Ene Jauna, hurreratu zaitez hazur lokatuetara,
eta ez zaitez urrun gelditu,
ezer ardura ez deutson baten antzera.

Jauna, zatoz laster laguntzera;
luzatu arin zure eskua,
Zu zara, ba, nire salbamen-Jainkoa,
nire itxaropen-Jainkoa.
Zure maitasun-Espirituak
osatu dagizala nire zauriak.
Zure bizi-Espirituak osatu gagizala.
Bizibarritu dagiala
nire bihotz nekatu eta hotza.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue