#
#

Salmo barriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Erruki, Jauna, ezebeza gara-ta #
#
#

Zurea naiz ni
eta Zu nire;
hor zaitut, Jauna,
hil-eta ere.


Jauna, gure igesleku Zu izan zara
gizalditik gizaldira.
Zuk ez dakizu zer dan denporearen pixua,
adinaren arrakaladak
eta zahartzaroak astiro eta maitekiro
gero eta estuago ezarten deuskun gerrikoa.

Itsasoa eta lurbira izan baino lehen,
mendiak sortu baino lehenago,
argia eta izarrak zabaldu aurretik,
munduko zokondo misteriotsuak baino lehenago,
ZU BAZINAN.

Zurea naiz ni
eta Zu nire;
hor zaitut, Jauna,
hil-eta ere.


Mila urte Zuretzat
begi-bristada bat baino hutsago,
izatearen betetasuna dozu Zeugan;
ez erlojurik, ez ordurik,
ez ezetariko neurririk ez dozu;
ez dozu begira inungo begirik, ez ispilurik.

Gu, gizakiok, ostera, gauza hutsa gara,
zelaietako bedarra lez:
goizean lore dotore,
arratsaldean igar eta zimur;
eta gure bizitza joan doa,
eta zizpuru baten hustuten da.

Zurea naiz ni
eta Zu nire;
hor zaitut, Jauna,
hil-eta ere.


Hirurogei urte bizi, nahiz hirurogeita hamar,
larogeita hamar hartuta ere,
atzerantza begiratu eta, igesi doaz,
igesi doan txoriaren hegazkadea lez;
handik gomutea bakarrik geratzen da,
eta argi-izpitxoren bat hegoetan,
gehienak malkoz eta nekez seinalatuak.

Erakutsi eiguzu, Jauna,
igesi doan denporeari bihotz onez begiratzen
.
Eta bihurtu zaitez gugana,
denporarik ez dozun Jainko Hori,
zure betiko maitasun-aulkitik.

Zurea naiz ni
eta Zu nire;
hor zaitut, Jauna,
hil-eta ere.


Erruki zaitez, Jauna, gu garean hutsagaz.
Goiz-goizetik biziz bete gaizuz.
Zure beso samurrez berotu gure bihotza.
Zure besarkadaz gure izate osoa birbiztu.
Emoiguzu zure maitezko eta pozezko eternitatea.

Begira zure Seme hil eta berbiztuaren arpegiari,
aintzaz eta bizi barriz beteari.
Gogora ekarri Haren Hitza,
betiko Bizitzaren agintzaria.

Zurea naiz ni
eta Zu nire;
hor zaitut, Jauna,
hil-eta ere.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue